Suhiltzaileek 396 desinfekzio zerbitzu egin dituzte berrogeialdian
Martxoaren 23tik gaur egun arte, Donostiako Suhiltzaileek 27 zehar egoitzen desinfekzioetan parte hartu dute. Guztira, 396 desinfekzio zerbitzu egin dituzte COVID-19aren ondorioz ezarritako berrogeialdian. Denbora honetan, eremu komunak desinfektatzen aritu dira, eta ondoren egoitza bakoitzera hamar bat joan-etorri egin dituzte.
Zahar etxeekin batera, beste hainbat lekuren desinfekzioaz arduratu dira suhiltzaileak, Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez: mendekotasuna eta ezgaitasuna duten pertsonen hamaika zentro, gizartetik bazterturik dauden pertsonak dituzten bederatzi aterpetxe zein zentro, bederatzi ekipamendu publiko, autobus geltokia eta azokak eta udalaren hainbat egoitza.
Pandemiaren aldi kritikoenean, apirileko bigarren hamabostaldian, zerbitzuak 40 interbentzio prebentibo baino gehiago egiten zituen astean; une honetan, berriz, kopurua sei interbentziora murriztu da astean, egoitzetako osasun egoeraren bilakaera onak nabarmen murriztu baitu haien maiztasuna. Aparteko lan horiei erantzun ahal izateko, Suhiltzaileen Zerbitzuak bere antolamendua egokitu behar izan du apirilean eta maiatzean, lan ordutegiak aldatuz eta segurtasun protokolo berriak ezarriz. Ekainean, berriz, ohiko egitura berreskuratu du. “Baina erne daude egoerak atzera egiten badu”, esan du Goiak.
Suhiltzaileen udal zerbitzuak adinekoen egoitzetan egin duen lana Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileekin, DYArekin eta Gurutze Gorriarekin batera egin du, Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuaren ekimenean parte hartuz.