Udal igerilekuak hilaren 22an irekiko dituzte
Duela bi aste udal gimnasioak zabaldu ostean, datorren astelehenean kiroldegietako barruko zein kanpoko udal igerilekuak irekiko dituzte. Udalak jakinarazi duenez, aurretiazko hitzorduaren baldintza ez da bete beharko. Dena dela, hilaren 29ra bitarte Kirol Txartelaren bezeroek soilik erabili ahalko dituzte.
Gimnasioak eta barruko igerilekuak kirol jardueran erabiltzaileen artean metro eta erdiko distantzia errespetatzeko egokituko dira. Halere, instalazioen edukierari buruz Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen erabakien zain dago Donostia Kirola. Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondon udako ordutegia osorik aplikatuko da, eta, beraz, igande arratsaldetan ere irekiko da.
Gainerako segurtasun eta higiene baldintzak kirol instalazioetan mantenduko dira, hala nola gimnasioetan eskuoihala erabili beharra, eskuak garbitzeko gel desinfektatzailea erabiltzea edo instalazioaren barruan maskara erabiltzea –kirola egiten denean izan ezik–. Espazio bakoitzean ezarritako edukierak ere zehatz-mehatz errespetatu beharko dira, sarbideetan jarritako pantailek arautzen baitituzte. Era berean, erabiltzaileei dei egiten zaie donostiakirola.eus webgunearen bidez denbora errealean kontsulta dezaten, instalaziora joan aurretik.
Hilaren 22tik aurrera ere beste hainbat espazio erabili ahal izango dira: kanpoko kirol pistak, skate park zein kalistenia eta 65 plus parkeak. Duela zenbait aste irekitako auzoetako pilotalekuekin bat egingo dute. Udal kiroldegietako kirol talde federatuen entrenamenduetarako pistak ekainaren 29an irekiko dira, aldez aurretik erreserba eginda.