Zinema jaialdi berezi bat antolatu dute Txantxarreka gaztetxean
Antiguako Txantxarreka gaztetxeak koronabirusaren krisia gainditu du, eta normaltasunera itzultzen ari da pixkanaka, kultur jarduerak antolatuz. Hain zuzen, zinema jaialdi berezi bat antolatu du gaztetxeak ekainerako.
Jaialdia, ordea, ez da ohiko zinema jaialdi bat izango, parte-hartzaileen azkartasuna behar-beharrezkoa izango baita. Izan ere, hilaren 25ean, 12:00etan, hiru hitz argitaratuko dituzte euren sare sozialetan, eta parte hartu nahi duten herritarrek 48 ordu izango dituzte hiru eta zazpi minutu arteko “maisulan bat” grabatu, editatu eta aurkezteko. Edozein generotakoa izan daiteke filma: drama, akzioa, komedia, kritika soziala, eta abar. Hilaren 27an gala berezia egingo dute gaztetxean, film guztiak ikusi eta irabazleak hautatzeko.