"Artistok ez daukagu erakusketak antolatzeko lekurik Donostian"
Tomas Hernandez Mendizabal (Gros, 1940) artistak Donostian eta Donostiarentzat artea sortzen eta bultzatzen pasa du bizitza guztia, eta hala jarraitzen du. Hainbat jaitako kartelak egin izanagatik da bereziki ezaguna, baina artearen beste alor batzuk ere landu ditu, eta Urrezko Danborra 50 urtez diseinatu du.
Ibilbide luze zein oparoko artista da Tomas Hernandez Mendizabal. Besteak beste, 52 urte daramatza Tolosako Inauterietako kartela egiten, Urrezko danborra 50 urtez diseinatu du, eskulturak ditu Donostian eta Tolosan, Jazzaldiko eta Zinemaldiko hainbat kartel egin ditu eta Donostiako hainbat jai eta lehiaketaren sorkuntzan sartuta ibili da. IRUTXULOKO HITZA Erdialdean elkartu da Hernandez Mendizabalekin, eta bere estudioan murgildu da, espazio txiki horretan Euskal Herriko artearen historia arnasteko.
Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian izango da irakurgai, haren seme Asier Hernandezen elkarrizketa batekin batera. Izan ere, bere aitaren eragina dela medio, aktorea izateaz gain, margolanak ere egiten ditu Asierrek; Egiako La Farandula tabernan erakusketa bat dauka orain. Astekaria iritsi bitartean, hemen duzue Tomas Hernandez Mendizabalen elkarrizketaren aurrerapen bat:
XX. mendean euskal artearen belaunaldi handi bat izan zen: Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Jose Luis Zumeta, zu, eta abar. Belaunaldi berrien erreleboa dagoela uste duzu?
Zumeta ni baino bi urte zaharragoa zen eta duela gutxi hil zen; Gaur taldea sortu zutenetatik, Sistiaga soilik dago bizirik eta 80 urte baino gehiago ditu; eta nik, adibidez, 79 urte ditut. Gaur egun, margotzen duen jende asko dago, baina ez dago erreleborik, ez direlako ia erakusketak egiten. Gainera, azkenaldian Bilboko Arte Ederren fakultatetik ateratzen ari diren artista gehienek abstraktua egiten dute, baina arte abstraktua egiteko lehenengo marrazten jakin behar da. Ondoren, abstraktua utzi dezakezu edo hor gelditu betirako, Zumetak egin zuen moduan. Hala ere, esan beharra dago nik behintzat ez dudala inoiz artearekin sosik irabazi. Kartelekin bai, baina artearekin ezer gutxi.
Zure estudioan ikusten dudanagatik, lan egiten jarraitzen duzu.
Bai, noski. Konfinamendu garaian etxean asko marraztu dut, eta 70 marrazkitik gora egin ditut azkenean, errotulagailuarekin.
Proiekturen bat daukazu buruan?
Azkenaldian egin dudan gauza bakarra udaleko Kultura zinegotziari idaztea izan da San Telmo Museoan erakusketa bat antolatzeko, baina ez dit erantzun ere egin.
Nola ikusten duzu gaur egun artearen eta kulturaren egoera Donostian?
Bueno, Tabakalera jarri zuten, adibidez, baina inork ezagutzen ez dituen kanpoko artistak ekartzen dituzte, eta hemengoei ez diete kasurik egiten. Nik, esaterako, Tabakaleran erakusketa bat egiteko baimena eskatu nuen, baina ez zidaten erantzun ere egin. Bestalde, Bulebarreko erakusketa aretoa kendu dute, eta Kursaala ere hor dago, baina ez da erraza han erakusketa bat egitea. Gaur egun, artistok ez daukagu erakusketak antolatzeko lekurik Donostian. Ni gutxi barru hilko naiz, eta ea nire semeek zer egiten duten gauza hauekin guztiekin.