Belartza Goikoa zabortegi bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du Eguzkik
Martxoa hasieran Eguzki Talde Ekologistak salatu zuen Belartza Goikoa eremuko betelanean askotariko hondakinak botatzen hasi zirela. Donostiako Udalari eskatu zioten eremua garbitzeko, baina salaketa hura egin zutenetik hondakinak ez dituzte erretiratu. Horiek horrela, Eguzkik berriz ere neurriak ahalik eta azkarren hartzeko eskatu dio udalari: “Belartza Goikoa legez kanpoko zabortegi bihurtu baino lehen”.
Duela lau urte Mercadona eraikitzeko harri pilaketak egin zituzten Añorgako Belartza Goikoa eremuan. Donostiako Udalak lurrak mugitzeko emandako baimena “legez kanpokoa” zela adierazi zuen Belartza 2 Gelditu plataformak, eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak helegite bat jarri zuen epaitegietan. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion iaz elkarteari, eta ebatzi zuen harri pilaketa ilegala izan zela. Hori dela eta, Enrique Ramos orduko Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatu zuten. Gaur egun, Ramos ekologia sailaren arduraduna da.
Ordutik, ordea, ez dute eremua lehengoratu, eta leku horretan bestelako hondakinak botatzen hasi dira. Hala nola, obra-hondakinak, tabernaren edo jatetxeren bateko puskak eta autoen zatiak.