EH Bilduk koronabirusaren ondorioei aurre egiteko talka plana aurkeztu du
COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko 45,5 milioi euroko talka plana proposatu du EH Bilduren udal taldeak. Inbertsioak lau alorretan egingo lituzkete: zaintza sistema, tokiko obra publikoa, eredu ekonomikoa eta mugikortasun eredua. “Berehala jaiki, norabidea zuzendu eta ibiltzen hasteko proposamena da hau. Lehenengo gauza Donostia zutik jartzea da”, nabarmendu du Reyes Carrere bozeramaileak.
EH Bilduk adierazi du Donostian oraindik ez dagoela koronabirusaren ondorioei aurre egiteko talka planik. “Ikusi dugu nola beste erakunde batzuek talka plana aurkeztu duten, baina hemen ez. Donostian, susperraldi ekonomikoaren alorrean orain arte egin den aparteko inbertsio bakarra Donostiako Sustapenak apirilean aurkeztutako 2,4 milioiko plan bat izan da”, azaldu du Carrerek. “Krisiaren dimentsio sanitarioa eta sozioekonomikoa gutxiestea etorkizun hurbilean erraz ordain daitekeen akatsa da. Eneko Goia eta udal gobernua akats hori egiten ari dira”.
Beraien proposamena udal gobernuak abian jar ditzakeen beste diru zati batzuen osagarri izango lirateke. Talka planaren finantziaziorako iturri nagusiak multzoka banatu dituzte. Lehenik, funtsezkoak ez diren proiektuak bertan behera uztea edo atzeratzea proposatu dute: “Santa Klara uharteko itsasargiaren proiektua (4 milioi euro), Udaleko Turismo Bulegoa (1,7 milioi euro), Iztuetako pasabidea (5,8 milioi euro)”. Bigarrenik, Udal Covid tasa bat ezarriko lukete: “Udal zerbitzuengatiko tasak %5 handitzea merkataritza kate handiei osasun krisiaren garaian %10etik gorako etekinak izan badituzte, enpresa horiek ekarpen solidarioa egin dezaten gizartearentzako zerbitzuak diruz laguntzeko”. Eta hirugarrenik, Gipuzkoako Aldundiari udal talde guztiek erantzun adostu bat ematea iragarri dituzten murrizketak direla eta: “Diputazioa izan dadila zorpetuko dena, ez udala, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea baita”.
Horiekin batera, inbertsio lerro batzuk ere aurkeztu dituzte. 10 milioi euro, zaintza eredu berri baterantz aurrera egiteko: “sektore zaurgarrienak gehiago eta hobeto zaintzea, larrialdietarako eta kontziliaziorako laguntzen aurrekontua % 25 handituz, sektorean enplegu duina sortuz, eta, aldi berean, saltoki txikiei lagunduz. Oinarrizko beharrak asetzeko “udal bono sozial” bat ezartzea, Donostiako saltoki txikietan erabiltzeko”. 20 milioi euro, enplegua sortzeko tokiko obra publikoa sustatuz: “udal azpiegiturak biziberrituz (kiroldegiak, kultur etxeak, futbol zelaiak) eta eraikin zaharretako irisgarritasuna hobetuz”. Beste 10 milioi euro, “Donostiako ekonomia birbideratzen hasteko eta turismoaren sektorearekiko mendekotasun txikiagoa izan dezan”. Eta azkenik, 6,5 milioi euro, “mugikortasun-sistema jasangarriago berri baterantz aurrera egiteko, bidegorri gehiago, peatonalizazio gehiago eta garraio publiko gehiago”.