Ostiralean "Donostia berreskuratzera" deitu du Eskubide Sozialen Kartak
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak egingo ditu ostiralean, hilaren 19an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, baita Donostian ere. “Gaur birus batek azkartutako krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoak, Donostian ere gogor kolpatu duenak, ekarri gaitu premiaz kaleak berreskuratzeko beharra eta gogoa izatera”, azaldu du Eskubide Sozialen Kartak. Era berean, Donostiako borroka askoren artean “sareak ehuntzen” ibilbide luzea egin dutela nabarmendu dute.
Eskubide Sozialen Karta sortu zenetik, pentsiodunek, gazte belaunaldi ekologistek, pertsona arrazializatuek, feminismoak eta langile borrokak Euskal Herriko agenda markatu dutela azpimarratu dute, baita normaltasun berria nahi duten moduan eraikitzen ari direla salatu ere: “Kaleratzeak, murrizketak, bizitzaren prekarizazioa, etxebizitza eta oinarrizko baliabideen garestitzea, pribatizazioa eta espekulazioa, metroa eta erraustegia, indarkeria matxista, bazterkeria hiria eta ez harrera hiria, turismo eredu biolentoa, eta abar. Zalantzarik gabe, normaltasun berria haien neurrira diseinatzen ari dira, betikoen bizkar”. “Donostian ez gaude horrelakorik onartzeko prest, eta horregatik, kalera aterako gara ostiral goizean eta arratsaldean”, gaineratu dute.
Hala ere, ostiralekoa “abiapuntu” bat izango dela nabarmendu dute, ez helmuga bat: “Sistema honen alternatibak direnetan saretu, batu eta sakontzen jarraituko dugu, elkarlanean eta elkartasunean, kolektiboan eta konfluentzian, normaltasunarekin hautsi nahi dugunon ahotsen bozgorailu eta antolakuntza esparru izaten”. Horrela, ostiraleko 11:30ean Alderdi Ederretik abiatuko da manifestazioa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean amaituko da (Gipuzkoa plazan). Arratsaldekoa, aldiz, 18:30ean hasiko da Bulebarrean, eta Askatasunaren hiribidera abiatuko da, “herri burujabea, justua, askea, anitza eta koloretsua” lortzeko helburuarekin. Publikoa, funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz lelopean egingo dituzte mobilizazioak.
Bestalde, Donostian eraldaketa soziala eskatzen ari diren eragile eta kolektibo guztiei euren aldarrikapenak mobilizazioetara eramatera animatu dituzte. Osasun neurri guztiak beteko dituzte manifestazioetan, baina ez dira mobilizazio isilak izango, etxetik zarata egiteko tresnak, txilibitoak eta kazolak eramango baituzte. Askatasunaren hiribidean “haien normaltasun berriari” planto egingo diote eserialdi bat eginez, sistemaren arrakalak eta murrizketa zein erreformak salatzearekin batera. Horregatik, ostiral goizean zein arratsaldean hiriko “kaleak hartu” eta “Donostia berreskuratzera” deitu dituzte herritarrak.