Toch Sarrek Ibaeta Basketen jarraituko du beste urtebetez
Toch Sarr (1984, Dakar) hegal-pibotak kontratua berritu du Ibaeta Basketekin. Datorren denboraldia senegaldarrak talde donostiarrean egiten duen hamargarrena izango da. Ibaeta Basket bigarren mailan zegoenean iritsi zen taldera. Bi urtez hemen aritu ostean, beste bi urte egin zituen Uni Gironan, eta 2013an Donostiara itzuli zen.
239 partida jokatu ditu taldean, gehienak lehen mailan, zehazki, 179. Guztira, 2.026 puntu lortu ditu, 1.018 errebote eta 529 asistentzia, eta jokalari gakoa da klubean. Sarr “pozik dago” taldean jarraitzeko aukerarekin. “Zifra horiek talde honekin lortzeaz harro nago. Dagoeneko urte asko daramatzat hemen eta etxean sentitzen naiz. Are gehiago, beste euskaldun bat naiz. Gainera, Azu [Muguruza] eta nik elkar ondo ulertzen dugu, eta horri esker gauzak ondo ateratzen dira”. Aurreko denboraldi amaiera “atsekabez” bizi zuen. “Urte arraroa izan da denontzat”, azpimarratu du. 2020-2021 denboraldira begira, talde solidoa izatea lortu behar dutela azpimarratu du, nahiz eta taldeari itxura ona hartzen dion
Zortzi dira datorren sasoirako Ibaeta Basketek lotuta dituen jokalariak: Lara Gonzalez eta Joyce Cousseins-Smith joko antolatzaileak, Laura Garcia eta Mehryn Kraker eskoltak, Maria Eraunzetamurgil eta Julia Gladkova hegaleko jokalariak, eta Meiya Tirera eta Toch Sarr.