Udalari zuzenduriko kontsultak, kexak eta iradokizunak %14 igo dira
Udalinfo herritarrentzako arreta-zerbitzuak herritarren postontziaren iazko txostena plazaratu du. Udalari zuzenduriko kontsultak, kexak eta iradokizunak %14 igo dira 2o18arekin alderatuta. Zehazki, 2019an 19.748 komunikazio jaso zituen herritarren postontziak. Horiek helarazteko teknologia berriekin loturiko bitartekoen erabilera ere handitu da –14.641 kanal teknologikoen bidez jaso zituen–.
“Internet, egindako komunikazioen %64arekin, Dpostontzia aplikazio mugikorrarekin batera (%15), baieztatzen du teknologia berriak izan direla donostiarrek udalari bere kezkak helarazteko gehien erabili duten bidea”, azpimarratu du Gobernantzako zinegotzi Juan Ramon Vilesek. Ildo beretik adierazi du kanal teknologikoek “indartzen eta sendotzen” jarraitzen dutela. “Herritarrek gehien eskatzen dituzten bitartekoak dira, eta horiek udalarentzat apustu argia dira”. Horrez gain, telefono bidezko komunikazioa –010 kanala– biztanleen %7k (2.924) erabili zuten iaz, eta presentziala soilik %4ak (1.460).
Hiri Mantentze eta Zerbitzuak izan dira kontsulta gehien jaso dituztenak; kexa eta iradokizunen %39a, hain zuzen (6.682). Mugikortasun Zuzendaritza izan da kontsulta gehien izan dituen saila, %15,65, eta iaz baino %5 kontsulta, kexa eta iradokizun gehiago jaso ditu. Hirugarrenik, Finantza Zuzendaritzak jasotako kontsulta, kexa eta iradokizun guztien %10,14 jaso ditu.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuei dagokienez, parke eta lorategiekin eta edukiontziekin lotutako gaiak dira kontsulten, kexen eta iradokizunen %25a baino gehiago, eta eremu publikoaren garbiketak eta argiteriak %12,6a hartzen dute. Mugikortasun Zuzendaritzan, ibilgailuak aparkatzearekin eta TAO zerbitzuarekin lotutako gaiak dira gehien errepikatzen direnak; Finantza Zuzendaritzan, aldiz, ohiko kontsulta, kexa edo iradokizunak ordainagiriekin edo isunak ordaintzearekin zerikusia dutenak dira.
Erantzunen indizea
Herritarren arreta zerbitzuak, halaber, donostiarrek egiten dituzten kontsulta, kexa eta iradokizunei zuzendaritzek ematen dieten erantzun-indizea neurtzen du. Hala, 2019ko txostenean nabarmentzen da zuzendaritza gehienek komunikazioen %100ari erantzuten diotela. Nabarmentzekoa da Proiektu eta Obren, Hirigintzaren eta Herritarren Partaidetzaren Zuzendaritzaren kexen erantzun-bolumena handitu egin dela. Lehenengoak %42ko erantzuna izatetik %80koa izatera igaro da; Hirigintza %59tik %98ra eta Herritarren Partaidetza %17tik %100era.
Etorkizunera begira, aldaketak egingo ditu udalak herritarren postontziari dagokioez. Udalarekin komunikatzeko sare sozialak gero eta gehiago erabiltzen direla kontuan hartuta, horien bidez jasotako mezuak Herritarren Postontziaren sisteman sartzea proposatu da. Era berean, erabiltzaileek egindako iradokizunei erantzuteko eta funtzionamendu arazoren bat konpontzeko, beharrezkotzat jo da APP berrikusten eta eguneratzen jarraitzea, haren funtzionalitate batzuk doituz. “Lanean jarraitzen dugu udal sailen kudeaketako barne prozedurak hobetzeko eta modernizatzeko, herritarrek teknologia berriekin lotutako kanal bizkorren eskaerari aurre egiteko”, adierazi du Vilesek.