Donostiako Udala elikadura sistema eraldatzeko Europako proiektu batean parte hartzen ari da
Donostiako Udala Europako Batasunaren Fusili ezagutzen eta ikaskuntzen trukerako proiektuan parte hartzen ari da, elikadura sistema eraldatzeko erronkei heltzeko helburuarekin. Horrela, Europako Batasunak 886.000 euro emango dizkio Donostiari proiektua garatu ahal izateko.
Gaur egungo elikadura sistema eraldatzeko oinarria jartzeko helburua du proiektuak, eta Donostia bere elikadura sistema propioa izateko lanean dabil jada. “Proiektu honen bidez, Donostiako hiriak aukera ezin hobea du elikadura sistema osoa eraldatzeko, sektoreko eragile guztiekin elkarlanean eta Europako Batasunarekin eta Europako hamaika hirirekin lankidetzan, aurrera eraman beharreko estrategia definituz, politikak martxan jarriz eta, horrez gainera, dagokion ekintza plana aplikatuz”, azaldu du Enrique Ramosek, Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.
Fusili proiektuak honako helburu zehatz hauek ditu: Elikaduraren arloko Living Lab-ak sortzeko metodologia bat zehaztea, hamabi hirietan elikaduraren arloko Living Lab-ak sortzea, hiriaren elikadura sistema eragile publiko eta pribatuekin elkarlanean Food 2030 europar estrategiaren lehentasunak kontuan hartuta ebaluatzea, epe laburreko eta luzeko plangintza bat diseinatzea, negozio eredu eta finantziazio eskema berriak garatzea eta funts publiko eta pribatuak modu berritzailean erabiltzea, eta nazioarteko besteko proiektu eta ekimen batzuekin lankidetzan aritzea, ezagutzak eta esperientziak modu eraginkorrean trukatzeko.