Hondartzetako sorosleek egunero egingo dituzte elkarretaratzeak, "egoera aldatu ezean"
Sorosleek eta ELA sindikatuak salatu dute Donostiako Udalak ez dituela duela bi urte sinatutako akordioaren baldintza guztiak betetzen. Egoera aldatu arte elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, Zurriolan eta udaletxean.
Hondartza denboraldia uztailaren 1ean hasiko da Gipuzkoan, baina Donostiako hondartzetan sorosleak eta dutxak martxan dira astelehenetik. Guztira 24 sorosle arituko dira Kontxan, Zurriolan eta Ondarretan 10:00etatik 20:00etara, irailaren 15era arte. Sorosleentzat, baina, uda ez da modu atseginean hasi, izan ere, duela bi urte egin bezala, euren lan baldintzak hobetzeko protestekin abiatu dute denboraldia.
Hain zuzen, joan den astean egindako protesta batean, sorosleek eta ELA sindikatuak salatu zuten Donostiako Udalak ez dituela duela bi urte sinatutako akordioaren baldintza guztiak betetzen. Salatutakoaren arabera, sorosleen kontratazioa eta lan baldintzak zehazten dituen baldintza agiriek ez dute subrogazioa jasotzen, eta horren ondorioz, azaldu zuten sorosleen urteroko lana ez dagoela bermatuta.
Gainera, ELAk igorri berri duen ohar batean, hainbat langile kanpoan utzi izana ere leporatu diete arduradunei: “Beste urtebetez, langileen subrogazioa bermatu gabe hasi da hondartzetako denboraldia Donostian, baina aurten, egoera honi beste erabaki larri bat gehitu behar zaio. Enpresak, aurreko urtean lan egin eta aurten lan egin nahi zuten hainbat langile kanpoan utzi ditu”, adierazi du sindikatuak.
Adierazitakoaren arabera, kanpoan gelditu diren langile horiek Zurriola hondartzan lan egin izan dute sorosle gisa, eta horien artean, “2018tik lan duinak lortzeko lehen lerroan lanean ibili ziren langileak” daudela kritikatu dute. Sindikatuak “oso larritzat” jo du erabakia, eta jomugan jarri ditu udala eta BPXport enpresa: “Arduraz jokatzeko eskatzen diegu”, adierazi dute.
Elkarretaratzeak egunero
Hori horrela, langileek mobilizazioak egiten hasi dira, eta datozen egunetan gehiago iragarriko dituzte. “Egoera aldatu ezean, egunero elkarretaratzeak egingo dituzte Zurriola hondartzan egun osoan zehar, eta udaletxe aurrean, 20:15etan, hondartza guztietako sorosleak batera”, jakinarazi dute.