Intxaurrondoko petanka jokalekuetako bat estali dute
Intxaurrondoko Siustegi parkeko petanka jokalekuetako bat estali du Donostiako Udalak, euria egiten duenean ere erabili ahal izateko. Carpas Zaragoza S.L. enpresak egin du estalkia, eta adjudikazioaren prezioa 90.387 eurokoa izan da, BEZa barne.
Siustegi parkeko bi petanka jokalekuak asko erabiltzen dituzte auzoko erretiratuek, eta ostiraletan Goienetxe Fundazioko kideek ere erretiratuekin jolasten dute. Auzoko adinekoentzat bilgune bat gune hori, eta euren kabuz garbitu eta zaintzen dute, ondo mantentzeko.
Horrela, 2017ko martxoaren 24an petanka jokalekuetako erabiltzaile batek eskutitz bat bidali zion Eneko Goia Donostiako alkateari erabiltzaile guztien izenean, euren egoera azalduz eta estalki bat jartzeko eskatuz. Izan ere, estalkirik gabe ezin zituzten jokalekuak erabili eguraldi txarreko egunetan. Jokalekuak bisitatzeko proposatu zion erabiltzaile horrek alkateari, eta hala egin zuen, udaleko beste langile batzuekin batera.
Udalak gaia aztertu zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen batzuk sinatu ondoren –lursail hori autopistaren ondoan dago eta, beraz, aldundiarena da–, proiektua aurrera eramatea erabaki zuen. Auzoko erretiratuek autopistaren tuneletik hurbilen dagoen jokalekua estaltzea nahiago zuten, baina aldundiak esan zuen hori estaliz gero, arazoak sortu zitzakeela errepidean. Beraz, beste aldeko jokalekua estaltzea erabaki zuen udalak.