Pozik agertu da Egia Bizirik auzo elkartea, Dbusek auzoko hainbat autobus linea berrezarriko dituelako
COVID-19aren pandemiaren ondorioz, Dbus konpainiako autobusek murrizketa nabarmenak egin behar izan zituzten euren zerbitzuetan, eta konfinamendua arindu ahala, horietako batzuk berreskuratzen ari da.
Egia Bizirik auzo elkarteak adierazi duenez, duela aste pare bat jakin zuten auzoko hainbat linea bertan behera utziko zituela Dbusek, hala nola, 24. Altza-Gros-Antigua-Intxaurrondo, 27. Altza-Intxaurrondo-Antigua-Gros, 41. Gros-Egia-Martutene, eta 42. Aldapa-Egia. Horren aurrean, auzotar askok kexak helarazi zizkieten Dbusi eta Donostiako Udalari, eta orain, auzo elkartea pozik agertu da, protestak bere fruituak eman dituelako.
Hain zuzen, Dbusek ohar baten bitartez jakinarazi dio auzo elkarteari hainbat linea berrezartzeko asmoa dutela, horien artean, aurretik aipatutako laurak. Auzo elkarteak azaldu duenez, hasierako kexen ostean 24, 41 eta 27 lineak berrezarriko zituztela esan zieten, baina 42 linea “betiko kenduko zutela” jakinarazi zieten. Hori jakinik, beste protestaldi bat abiatu zuten Egiako bizilagunek, eta azkenik, duela egun batzuk jasotako idazkian, 42 lineak ere funtzionatuko duela baieztatu dute. “Gure protestari kasu egin diote. Beti pentsatu izan dugu merezi duela protesta egiteak”, esan du auzo elkarteak.
Gaur egungo erabilera
Egiako auzo elkarteari igorritako oharrean, pandemiak izandako eraginen berri eman du Dbus konpainiak. Martxoa eta apirilean bidaiarien eskaria %80-90 inguru txikitu zen, eta “beharrezkoa” izan zen hainbat zerbitzu murriztu eta etetea. “Moldaketa horien planifikazio konplexuarekin, garraioaren oinarrizko zerbitzuak bermatu nahi izan dira ahalik eta auzo gehienetan, lineen arteko autobus-aldaketen bidez”, idatzi du Dbusek. Egiaren kasuan, 9. Egia-Intxaurrondo eta 36. San Roke-Aldakonea zerbitzuak mantendu dituztela gogoratu dute.
Gaur egun %40eko eskaria dagoela jakinarazi du konpainiak, osasun krisiaren aurreko datuekin alderatuta. Horrela, azaldu dute “egoera honi aurre egiteko”, Donostiako Udalak %40 handituko duela ekarpen ekonomikoa 2020. urtean, 26 milioi eurora iritsi arte. Era berean, auzo elkarteari jakiarazi diote zerbitzuak hobetzeko plan bat osatzen ari direla, eta horren barruan dagoela orain arte murriztutako hainbat lineen aktibazioa, besteak beste, Egiakoak. Gainera, pandemian zehar mantendutako bi lineen maiztasunak hobetzeko lanean ari direla baieztatu dute. “Hala ere, eskariaren murrizketa dela eta, oraingoz ezin ditugu linea horien ohiko zerbitzuak eskaini”, gehitu dute.