Satorralaiak metroaren lanak gelditzeko protestara deitu du iganderako
Satorralaia bizilagunen mugimenduak protesta antolatu du iganderako Kontxako erlojuen inguruan, Donostiako Metroko obrak bertan behera utz ditzaten eskatzeko. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, egitasmoa hainbat ekintzak osatuko dute: 11:30etan hasiko da, hondartzan egingo den aldarrikapen jarduerarekin. Gainera, Erlojuetan informazio gunea ere jarriko dute. 12:30etan metroaren obretako langile batek hartuko du hitza, lan-kondizioez eta segurtaun neurri falta salatzeko, besteak beste. 12:45etan Ramon Agirre aktoreak antzezpena eskainiko du, eta egitasmoa 13:00tan amaituko da, elkarretaratze batekin.
Ekainaren 5ean Zubieta kalean sortutako ezbeharrak bultzatu du bizilagun elkartea Donostiaren Metroaren kontrako protesta berri bat antolatzera. Izan ere, metroaren tunelean lanean ari zirela, ur filtrazio batek lur jausi bat eragin zuen. Ondorioz, 20 metroko zuloa sortu zuen Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan, eta zirkulazioa mozteaz gain, kale horretako 8. eta 10. zenbakietako bizilagunak, Londres hotela eta Hegalak kirol zentroa desalojatu behar izan zituzten. Satorralaiak prentsaurrekoan gogorarazi duenez, metroaren obrak gelditzeko hainbat erakundetan aurkeztutako dokumentuetan, hain zuzen ere, hori gertatu zitekeela salatzen zuten, besteak beste Erdialdeko eta Amarako eraikinek pairatu ditzaketen arazo eta arriskuak azpimarratuz. Gainera, Easo kaleko 1. zenbakian eta Zubieta kaleko 1E eraikinean “egitura desegonkortzeak” gertatu direla ere gogorarazi dute, “etxearen egitura osoa obren alderantz mugitu baita”.
Era berean, Espainiako Gobernuko Itsasertzetako Zuzendaritzari formalki eskatu diote itsas-azpiko lurpean eraikitzeko emandako baimena kentzeko.