"Erretratuaren artisau bat naiz"
Asier Hernandez aktore izateagatik da bereziki ezaguna, baina margolari sena izan du beti. Izan ere, Tomas Hernandez Mendizabalek, bere aitak, Euskal Herriko artista askorengan eragina izan badu, are eragin gehiago izan du bere semeengan. Nolako egurra, halako ezpala. Asier txikitan hasi zen margotzen, baina utzi egin zuen urte luzez, 2011n mihisea berriz hartu zuen arte. Azken urteotan egindako erretratuen aukeraketa bat ikusgai jarri du Egiako La Farandula tabernan, ekainaren 30era arte.
Zer aurkitu daiteke erakusketan?
Azken urteotan egindako ia erretratu guztien erakusketa da. Hamasei edo hamazazpi koadro jarri ditut: ikatz-ziriarekin egindako batzuk daude, baina gehienak egurraren edo mihisearen gainean egindako olio-pinturak dira, eta akrilikoarekin egindako erretratu bat ere badago.
Zure lehenengo erakusketa da?
Ez, aurretik beste bi egin ditut, gaur egun itxita dagoen Rekalde tabernan. Lehenengoan pastelez egindako koadro abstraktu eta figuratibo batzuk jarri nituen, eta bigarrenean akrilikoarekin egindako hainbat abstraktu.
Zeren arabera aukeratzen dituzu erretratuak egiteko pertsonak?
Denetarik dago. Esaterako, bi autorretratu daude: bata ispiluaren aurrean egindakoa, eta bestea, nire argazki batetik abiatuta egindakoa. Bestalde, nire emaztearen bi erretratu eta nire aitaren irudi bat ere badago. Era berean, marrazketa klaseak ematen nitueneko margolan batzuk ere badaude: haur anonimo bat, Kirk Douglas Lust for Life filmean [Vincente Minnelli eta George Cukor, 1956] Vincent Van Goghen papera egin zuenean eta Emiliano Zapata. Horietaz gain, nire kabuz pertsonaia ezagunen serie bat egin nuen: Mahatma Gandhi, Martin Luther King, Tatanka Iyotanka edo Zezen Eseri –hori etxean utzi dut, berarekin errespetuzko kontu bat daukadalako–, Janis Joplin, Jim Morrison eta Charles Bukowski.
Beraz, arlo guztietako pertsonen erretratuak egin dituzu.
Gandhi eta Martin Luther King bakezale sutsuak izan zirelako egin ditut, baita niretzat oso pertsona garrantzitsuak eta errespetagarriak izan zirelako ere. Janis Joplinek eta Jim Morrisonek halako halo autosuntsitzaile bat dute, eta beti gustatu izan zaizkit. Joplin historiako abeslari onenetariko bat iruditzen zait, eta Morrison oso pertsonaia interesgarria dela uste dut: oso sentibera, asko sufritu zuena eta bizi garen mundu zentzugabe honi kritika artistiko bat egin ziona.
Konfinamenduan margotzeko aprobetxatu duzu?
Jim Morrisonena bukatzeko aprobetxatu dut, asko kostatu zaidalako. Erretratuek kontzentrazio handia eskatzen dute eta nekagarriak dira. Nik bi orduko saioak egiten ditut, asko jota. Erretratuak argazkiaren ahalik eta antz handiena izatea bilatzen dut; horregatik esaten dut ez naizela artista bat, artista onek erretratua interpretatzen dutelako.
Aktore gisa ezagutzen zintudan, baina ez margolari gisa.
Bai anaiak eta bai nik, aitak animatuta, txikitan margotzen genuen, eta hainbat haur lehiaketatan parte hartu genuen, baita sari batzuk irabazi ere.
Ondoren, nik pintura utzi egin nuen. 2011n, ordea, lagun osteopata batekin saio bat izan nuen. Hor energiak eta bestelakoak mugitzen dira, eta esan zidan agian margotzea komeni zitzaidala. Ordutik, margotzen aritu naiz. Hala ere, denbora daukadanean margotzen dut, nire ogibidea aktore lana baita.
Lehen aipatu duzu marrazketa klaseak jasotzen zenituela. Zein formakuntza duzu?
2013an marrazketa teknika hobetzeko ikastaro batean izena eman nuen. Jaime Susin zen irakaslea, eta ikastaro hori bukatu zenean, Groseko eskulan denda batean klaseak ematen hasi zen. Ni klase horietara joaten hasi nintzen, berarekin gustura nengoelako. Horrela, lau ikastaro eman nituen.
Hasieran, sentitzen nuen ez nintzela gai erretratuak ondo egiteko, baina Jaime Susinekin begien marrazketa landu genuen, eta egindakoarekin gustura gelditu nintzen. Horrela, erretratuak ikatz-ziriarekin egiten hasi ginen, eta asko gustatu zitzaidan teknika hori. Ordutik, erretratuak, paisaia gutxi batzuk eta margolan abstraktu batzuk egin ditut. Abstraktuarekin, aldiz, konturatu naiz ez dela erraza margolan abstraktu onak egitea, erraza dirudien arren.
Zure aitak esan zidan arte abstraktua egin ahal izateko lehenengo marrazten jakin behar dela.
Nire aitaren teoria da hori; ados egon zaitezke edo ez. Egia da pinturan dena eginda dagoela, kontua da bakoitzak nola interpretatzen duen berea.
Nire kasuan, ez dut neure burua artistatzat, erretratuaren artisau bat naiz. Izan ere, urte gutxi daramatzat margotzen, eta ez naiz hortik bizi.
Eragin artistiko handia izan du zure aitak zugan?
Gure aita margolaria da, eta txikitatik ikusi dugu hori etxean, beraz, pensatzen dut eragina izango dela. Berak oso estilo markatua dauka, eta ziur nahigabe gauza ikasiko nituela nire aitarengandik; kolorearen erabilera, esaterako.
Baduzu bestelako erreferenterik?
Juan Luis Goenaga eta Jose Luis Zumeta oso margolari onak iruditzen zaizkit. Bestalde, Alejandro Tapia eta Javier Arozena ere ezagutu ditut, aitaren lagunak zirelako. Nazioartean, asko gustatzen zaizkit artista inpresionistak.
Zure aita kartelengatik da bereziki ezaguna. Noizbait pentsatu duzu kartelak egitea?
Pentsatu bai, baina ez dut neure burua horretarako gai ikusten. Margotzen jarraituko dudala uste dut, baina ez dakit norantz joango naizen. Pentsatzen dut erretratuarekin jarraituko dudala, eta paisaiak egiteko gogoa ere badaukat. Kontua da paisaiak kalean egitea gustuko dudala, baina hemen eguraldia oso aldakorra da.
Zein da zure aitak Euskal Herriko arteari egindako ekarpen handiena?
Kartelak egiteagatik da ezaguna, eta hori da bere ekarpenik handiena. Ia 200 kartel argitaratu dituen margolari bakarra da Euskal Herrian. Donostiako jaietan sartuta ibili da beti, eta uste dut oso ondo islatu duela hori bere karteletan. Hala ere, bere obra guztia ikusita, ni txundituta gelditzen naiz. Oso abstraktu onak egin ditu, esaterako. Askotan esaten diot horrekin jarraitu behar zuela.
Bere estudioan egon nintzenean txundituta gelditu nintzen han dituen artelan guztiekin.
3.000 obra inguru ditu. Nire anaia argazkiak egiten aritu zen, eta webgune bat sortu genuen. Ia bere obra guztia dago ikusgai hor.
Lekukoa hartuko diozu?
Ez dut uste. Bere bizitza margotzea izan da txikitatik, baina niretzat zaletasun bat da.