Kepa Junkerak eskuratu du Adarra Saria
Donostia Kulturak Kepa Junkera trikitilari bilbotarrari eman dio 2020ko Adarra Saria, Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak osatutako Aholku Batzordeak hala erabakita.
Junkera aukeratzeko, hainbat gauza hartu dituzte aintzat epaileek: haren disko produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia, egiten dituen zuzeneko emanaldi kopurua, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musika landu izana, ibilbide osoan indarrean jardun izana, erakutsitako jakin-mina eta musika adimena, era askotako giroetara egokitu izana, nazioartean duen proiekzioa eta euskal musika zabaldu izana, duen birtuosismoa, tradizioaren alderako atxikimendua, berrikuntzarako gaitasuna, haren ondarea eta errepertorioa eta estilo propio bat sortu izana.
Ekainaren 21ean, Europako Musikaren Egunean, eman ohi du saria Donostia Kulturak Viktoria Eugenia antzokian, baina aurten, COVID-19a dela eta, oraindik ez dute saria emateko datarik zehaztu. Bilbotarrak jasoko duen saria Marijose Rekalde artista nafarraren eskultura bat da, musikaren jatorria iradokitzen duena.
2014an sortu zuen Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bitartez, Adarra Saria, eta ordutik, honako hauek izan dira saridunak, ordenean: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anarieta Berri Txarrak.