"Kultura baldin baduzu, edonora joan zaitezke"
Tomas Hernandez Mendizabalek (Gros, 1940) lotura estua du Donostiarekin, hirian jarduera artistikoak bultzatzen eta bere artelanetan Donostia islatzen pasa baitu bizitza guztia. Urrezko Danborra 50 urtez diseinatu du, eta 52 urte daramatza Tolosako Inauterietako kartela egiten. Kartelengatik da bereziki ezaguna, baina artearen alor gehienak jorratu ditu, geldirik egon ezin daitekeen artista horietako bat baita. Haren estudioan sartzea museo konprimatu batean sartzea da, eta bere bizipenak entzutea Euskal Herriko artearen historia errepasatzea da. Ia 80 urte baditu ere, sortzen jarraitzen du, eta ez dauka gelditzeko asmorik.
Noiz hasi zinen artearen munduan?
Nire anaiak margotzen zuenez, nik ere betidanik margotu izan dut. Nire barnean neraman zerbait zen, nire semeekin gertatzen den moduan: biak artearen munduan sartuta ibili dira beti.
Gaztetan, mandatari eta tabernari gisa lan egiten nuen bitartean, marrazketa ikasten nuen Mercadal akademian. Manuel Mercadalekin ikasi izana bizitzan egin dudan gauzarik onena da, eskuzko errotulazioa, akuarela, arkatzezko marrazketa eta beste hainbat teknika irakatsi zizkidalako. Maisu handi bat izan zen niretzat.
Beste hainbat maisu ere izan zenituen zure gaztaroan: Jose Campos eta Ascensio Martiarena, esaterako.
Ascencio Martiarena Gipuzkoako Elkarte Artistikoan irakasle aritu zen oso heldua zenean, eta sekulako kemena eta pazientzia zuen, margolari handi bat izateaz gain. Oso edukazio oneko gizona zen. Ikasleak margotzen ari ginenean, atzetik hurbiltzen zitzaizun, eta esaten zizun, ‘nahi duzu zerbait esatea?’. Nik esaten nion, ‘On Ascensio, ez nintzen berorri ezer esaten ausartzen eta’.
Hala ere, autodidakta izan zara beti, ezta?
Hein batean bai. Camposek irakatsi zizkidan gauza txikiak eta Mercadalekin ikasi nituen akuarela eta errotulazio teknikak kenduta, nire kabuz margotu izan dut. Jesus Murua margolariarekin eta moda diseinatzaile batekin lan egiten nuen, eta Vespa motorra hartuta, Gipuzkoa osotik bidaiatzen genuen, ikusten genituen leku guztiak marrazteko. Garai hartan, ez ginen geldirik egoten.
Horrela, azkenean arte abstraktura pasa nintzen. Paisaietatik abiatuta joan nintzen abstraktura, izan ere, paisaiari gauzak kentzen bazoaz, abstraktua gelditzen zaizu. Bi sari ditut arlo horretan. Ondoren, marrazketa ez abstraktura itzuli nintzen, baina nire estiloan, marrazkiak nahi dudan moduan deformatuz. Gerora, esan zidaten nik figurak estilizatu egiten nituela, eta hori egiten nuen bakarra nintzela. Nik ez nekien hori egiten nuenik, baina tira, ondo dago.
Donostiako toki askotan ikusi daiteke zure obra.
Intza taberna nire bilduma etxea izango balitz bezala da. Taberna berritu behar izan zutenean, esaterako, horma-irudi handi bat egin nien. Sport tabernan ere beste horma-irudi bat daukat, eta Altzako Los Boscos zonan ere udalak 80ko hamarkadan eskatutako horma-irudi bat egin nuen, besteak beste. Bestalde, zazpi edo zortzi elkarte gastronomikotan ere horma-irudiak margotu ditut, nik nahi izan dudalako. Azken finean, margotzea gustatzen zait eta lagunak ditut elkarteetan; beraz, zergatik ez diet zerbait margotuko? Udalak ere nire obraren bat izango du.
Zer sentitzen da zure obra hiri guztitik ikustean?
Ondo dago, baina azkenean ez dakizu obrak non dituzun ere. Hala ere, ez pentsa jendeak kalean ezagutzen zaituenik; futbolaria izango banintz, gehiago ezagutuko nindukete [barrez].
Kartelak egiteagatik zara bereziki ezaguna.
Nik egindako 150 kartel baino gehiago inprimatu dira: Tolosako Inauterietako 52ak, Zinemaldiko batzuk, Antzerki Independentearen Jaialdiko beste batzuk, Jazzaldiko baten bat, eta abar.
Nola hasi zinen kartelak egiten?
Henri de Toulouse-Lautrec margolari frantsesaren kartelek txundituta utzi ninduten gaztetan. Izan ere, kartelak egiten lehenetarikoa izan zen, baita inprentako prozesua zuzentzen eta plantxen gainean lan egiten lehena ere.
Artearen sorkuntzan aritzeaz gain, sustapenean ere aritu zara. Besteak beste, hainbat lehiaketa eta jaialdi sortu dituzu, ezta?
Gipuzkoako Elkarte Artistikoko zuzendaritzan nengoenean, esaterako, Euskal Pinturaren Sari Handia sortu nuen, ideia nirea izan zen. Sari horren inguruan sortu zen Gaur taldea, lehenengo urteetan pixka bat haserretu baitziren ez genituelako gonbidatu. Hirugarren urtean, aldiz, gonbidatu egin genituen, eta [Jose Luis] Zumetak irabazi zuen.
Gainera, Zumetaren obra irabazlearekin iskanbila izan zen. Rafael Agirre Franco udaleko Erakarpen eta Turismo Zentroko arduradunaren bulegoan zegoen obra, eta aurreko bi urteetako lan irabazleekin egin zuen moduan San Telmo Museora eraman beharrean –ondorengo guztiak ere San Telmo Museora joan dira–, bere bulegoan utzi zuen. Handik urte batzuetara, koadroa non zegoen jakin nahi izan nuen, baina ez zen inon agertzen, eta auzitegietara eraman nuen gaia. Ez zen argitu, eta gaur egun ez dakigu non dagoen; Donostian egongo da, baina batek daki zer egin zuten obra horrekin. Egun batean, Zumetak esan zidan, ‘utzi ezazu gaia, joan daitezela pikuatara’. Nik, ordea, esan nion kontua ez zela soilik kuadroa berea zela eta saria irabazi zuela, baizik eta sari horretan lortutako diruarekin finantzatzen zirela udaletxeko etxabeetan nik sortutako Gabonetako dantza saioak.
Horretaz gain, Antzerki Independentearen Jaialdia ere sortu genuen Gipuzkoako Elkarte Artistikotik, baita Haur Pinturaren Sari Handia ere. Beste gauza batzuk aipatzearren, Anastasio peñaren danborradako uniformea nik diseinatu nuen, mendekosteko karrozen diseinuan eta margoketa lanetan ere aritu nintzen, eta danborrada txikiaren, Errege Magoen karrozen eta kaldereroen antolakuntzan ere ibili izan naiz.
Eskultura ere landu duzu?
Tolosan, adibidez, zezen plazaren sarreran bost metroko altuera duen eskultura bat daukat. Donostian, Amara Berrin Trikitilariak eskultura daukat, eta Kresalan ere badago beste bat.
Liburuentzako ilustrazio ugari ere egin izan ditut. Azkenean, denetarik egin dut. Ez naiz inoiz geldirik egon; dagoeneko ez dakit non sartu egin ditudan gauza guztiak.
Argazkilaritza jorratu duzu?
Argazkilariak zuzentzen aritu izan naiz, nire ideiak irudikatzeko. Arte grafikoen industria lanetarako, batez ere.
Horren harira, bitxikeria bat datorkit burura. Zinemaldiak bere garaian agindu zidan lehiaketara aurkeztutako kartelen erakusketa bat antolatzeko Gipuzkoako ateneoan. Alfredo Tienda artistak eta beste bik, ordea, gutun bat argitaratu zuten prentsan, lehiaketa kritikatuz. Zinemaldiak ez zuen erantzuten, beraz, nik beste gutun bat argitaratu nuen, hiruei erronka bat botaz: Trinitate plazan laurok elkartzeko proposatu nien, momentuan bertan norbaitek marraztu beharreko gaia proposatu eta jendaurrean egiteko. Ez zuten erantzun.
Handik gutxira, Alfredo Tiendarekin kointziditu nuen beste lan batekin nenbilela. Hitz egiten hasi ginen, eta lagunak egin ginen. Alfredo Tiendak garai hartan izen handia zuen, baina naturaltasunez hitz egin genuen. Izan ere, ez zara inoren aurrean lotsatu behar; kultura baldin baduzu, edonora joan zaitezke.
Gogoratzen duzu zure lehenengo erakusketa?
Nire lehenengo erakusketak kolektiboak izan ziren. Easo kalean zegoen erakusketa aretoan, udaletxeko etxabeetan, Gipuzkoako ateneoan, Bulebarreko aretoetan eta Bilbon egiten genituen erakusketak, besteak beste. Nazioartean ere egin ditut erakusketak, izan ere, bere garaian Wiesbadengo Museoak [Alemania] Donostiako Udalera deitu zuen hiriko hainbat artistek han erakusketa bat egiteko eskatuz, eta ni horietako bat izan nintzen. Wiesbadengo Museoko zuzendariak hiru koadro erosi zizkidan.
Nolako harrera izan du zure obrak nazioartean?
Esango nuke ez dagoela desberdintasun handirik hemengo harrerarekin alderatuta. Izan ere, erakusketaren lehenengo egunean museoa betetzen zen, San Telmo Museoan bezala, baina hurrengo egunetan ez horrenbeste.
San Telmo Museoaren harira, beste bitxikeria bat kontatuko dizut. Behin museoko hiru areto handiak hartuta nituen erakusketa batekin, eta Xabier Albistur alkatea etorri zen egun batean. Eskulturen aretora joan zen, eta erakusketako bi eskultura tamaina handian egiteko aukera ote zegoen galdetu zidan. ‘Bai, noski’, erantzun nion, eta esan zidan bi hilabetean kalean jarrita nahi zituela. Badirudi bazekiela handik gutxira alkatetza utzi beharko zuela, eta azkar jarri nahi zituen kalean horregatik. Ordea, bat jartzeko denbora baino ez zion eman, Amara Berrikoa.
Bestalde, 52 urte daramazu Tolosako Inauterietako kartela egiten. Nola hasi zinen?
Erakarpen eta Turismo Zentroko Gazteria Batzordean geundela, Antxon Elosegi Tolosako Ekimen eta Turismo Zentroko sortzailea etorri zen gure funtzionamendua ikusteko. Hitz egiten ari ginela, esan zidan, ‘aizu, zergatik ez duzu Tolosako Inauterietako kartela egiten?’. Egingo nuela esan nion, eta horrela hasi nintzen. Lehen, inauterietako datak hurbiltzen zirenean egiten nuen, baina hamabost urte baino gehiago daramatzat martxoan hurrengo urtekoa entregatzen. Datorren urtekoa, esaterako, entregatuta dago jada.
Nondik ateratzen dituzu kartelak egiteko ideiak?
Inauteriak asko bizi izan ditudalako ditut ideiak, nik uste. Donostiako Inauteriak, esaterako, Rafael Agirre Francok, Antiguako dantza talde bateko zuzendariak, Javier Sadak eta nik sortu genituen.
Urrezko Danborraren diseinua 50 urtez egin duzu. Nola hasi zinen horrekin?
Lehenengo urtean pergamino bat egin zuten, baina ez nuen nik diseinatu. Ondoren, ordea, deitu zidaten diseinua nik egiteko eskatzeko, eta 50 urte eman ditut horrela. Danborraren apainketa guztia aurretik egiten nuen, eta irabazlearen izena aurreko egunean esaten zidaten.
Zergatik utzi zenuen?
Aspertuta nengoelako urteroko tentsioarekin.
Urrezko Danborrean eta beste hainbat tokitan erabiltzen den euskal grafia zuk asmatu zenuen, ezta?
Euskal Herriko marrazkietan eta grafian oinarrituta sortu nuen alfabeto hori, eta Euskal Grafia liburua argitaratu nuen Erein argitaletxearekin. Liburuan ondo azaltzen da nondik datozen alfabetoaren ideia guztiak. Azkenaldian, diseinu berriak egiten aritu naiz, eta guztira 750 marrazki izango ditut gordeta.
Nola gordetzen duzu zure bizitza guztian zehar egin dituzun artelanak?
Gehien-gehiena hemen dago gordeta [haren estudioan, Erdialdean duen lokal batean]. Hartu nuenean handia iruditu zitzaidan, baina azkenean txikia gelditu da.
Moduren batean antolatuta dituzu obrak?
Gutxi gora-behera badakit non dauden gauzak; hemen garai abstraktuko lanak, han kartelen kopiak, han argitaratu gabeko kartel originalak, eta abar.
Duela gutxi hil zen Zumeta. Oso lagunak zineten?
Bai, lagunak ginen. Enpresa berdinetan lan egin izan dugu, eta lagunak egin ginen.
XX. mendean euskal artearen belaunaldi handi bat izan zen: Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Jose Luis Zumeta, zu, eta abar. Belaunaldi berrien erreleboa dagoela uste duzu?
Zumeta ni baino bi urte zaharragoa zen eta duela gutxi hil zen; Gaur taldea sortu zutenetatik, Sistiaga soilik dago bizirik eta 80 urte baino gehiago ditu; eta nik, adibidez, 79 urte ditut. Gaur egun, margotzen duen jende asko dago, baina ez dago erreleborik, ez direlako ia erakusketak egiten. Gainera, azkenaldian Bilboko Arte Ederren fakultatetik ateratzen ari diren artista gehienek abstraktua egiten dute, baina arte abstraktua egiteko, lehenengo marrazten jakin behar da. Ondoren, abstraktua utzi dezakezu edo hor gelditu betirako, Zumetak egin zuen moduan. Hala ere, esan beharra dago nik behintzat ez dudala inoiz artearekin sosik irabazi. Kartelekin bai, baina artearekin ezer gutxi.
Zure estudioan ikusten dudanagatik, lan egiten jarraitzen duzu.
Noski baietz. Konfinamendu garaian etxean asko marraztu dut, eta 70 marrazkitik gora egin ditut azkenean, errotulagailuarekin.
Proiekturen bat daukazu buruan?
Azkenaldian, udaleko Kultura zinegotziari idatzi besterik ez dut egin, San Telmo museoan erakusketa bat antolatzeko, baina ez dit erantzun ere egin.
Nola ikusten duzu gaur egun artearen eta kulturaren egoera Donostian?
Bueno, Tabakalera jarri zuten, adibidez, baina inork ezagutzen ez dituen kanpoko artistak ekartzen dituzte, eta hemengoei ez diete kasurik egiten. Nik, esaterako, Tabakaleran erakusketa bat egiteko baimena eskatu nuen, baina ez zidaten erantzun ere egin. Bestalde, Bulebarreko erakusketa aretoa kendu dute, eta Kursaala ere hor dago, baina ez da erraza han erakusketa bat egitea. Gaur egun, artistok ez daukagu erakusketak antolatzeko lekurik Donostian. Ni gutxi barru hilko naiz, eta ea nire semeek zer egiten duten gauza hauekin guztiekin.
Hemen benetako harribitxiak daude.
Bai, baina nora joango da guztia?