"Publikoa eta funtsezkoa" defendatzera atera da kalera Eskubide Sozialen Gutuna
Iragarri bezala, mobilizazio eguna da gaur Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunarentzat, eta horrekin bat egiten duten norbanako eta eragile guztientzat. Euskal Herriko lau hiriburuetan goizean egindako protestetan, COVID-19aren pandemiak utzitako ondorioen aurren “kalera atera” eta “publikoa eta funtsezkoa” dena defendatzeko beharra nabarmendu dute.
Donostian, Alderdi Ederretik abiatu da manifestazioa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean amaitu da. Publikoa eta funtsezko zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza! lelodun pankartaren atzean hiru ilaratan banatuta egin dute ibilbidea manifestariek, segurtasun neurriak mantentzeko; banderak eskutan, euskal sindikatuen ordezkariek bete dituzte lehen lerroak, eta atzetik batu zaizkie ehunka pertsona.
Mobilizazioaren bukaeran, euren aldarrikapenak irakurri dituzte deitzaileek, eta besteak beste, fiskalitate aldaketaren eta zaintza zerbitzuak publiko bihurtzearen aldeko aldarriak zabaldu dituzte. Era berean, pandemiak areagotutako krisia “kapitalak” ordain dezala exijitu dute, eta aldarrikatu dute onik ateratzeko ez dagoela “bide bakarra”, eta elkartasunerako deia egin dute: “Gure proposamenak defendatzeko momentua da, borrokatzeko unea da”, adierazi dute.
Hain zuzen, atzera begira jarrita, baieztatu dute 2008ko krisiaren aurrean hartutako bidea errepikatzea akats larria izango litzatekeela, eta jomugan jarri dituzte patronala eta gobernuak: “Haiek talka egitera eramaten gaituzte”, kritikatu dute. Krisiaren aurrean, bizitzak erdigunean jartzeko ideiari heldu diote, eta hainbat alorren inguruko eztabaida beharrezkotzat jo dute. Era berean, Eskubide Sozialen Gutunak zazpi proposamen zehatz bidali dizkie Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu diren alderdiei:
1. Zerga erreforma, krisia kapitalak ordain dezan.
2. Zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publifikatu.
3. Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
4. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea.
5. 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak.
6. 1.200 eurotako gutxieneko soldata eta gehienez 35 ordutako lan-astea.
7. Pertsona guztien erregularizazioa.
Goizeko mobilizazioari arratsaldekoak jarraituko dio: 18:30ean hasiko da Bulebarrean, eta Askatasunaren hiribidera abiatuko da, “herri burujabea, justua, askea, anitza eta koloretsua” lortzeko helburuarekin. Han eserialdia egingo dute, eta amaitzeko, “burrunba” egingo dute. Hego Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetan ere egingo dituzte mobilizazioak arratsaldean.