Udalbatzarretako mozio kopurua murriztu du udal gobernuak
Donostiako Udaleko Udalbatzarreko Araudi Organikoa aldatzea onartu zuen Zerbitzu Orokorren Batzordeak astelehenenean, udalbatzarretan oposizioak aurkeztu ditzakeen mozio kopurua murriztuz. Udal gobernuak –EAJk eta PSE-EEk– proposamena babestu zuen, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk aurkako botoa eman zuten bitartean. Izan ere, salatu zuten oposizioak gobernua kontrolatzeko duen ahalmena mugatzen duela neurri horrek. Udal gobernuak, ordea, argudiatu zuen mozio asko eztabaidak ordezkaritza minimo batekin burutzeko asmoarekin egiten direla, baita mozio kopurua murriztea hainbat erakundetan ohikoa dela ere, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundian, Eusko Jaurlaritzan, Espainiako Kongresuan eta hainbat udaletan.
Aldaketa horrekin, udal talde bakoitzak bi ohiko mozio aurkeztu ahal izango ditu udalbatzar bakoitzean, eta talde bakoitzaren zinegotzi kopurua bezain beste kontrol mozio. Era berean, mozioaren gaia jorratzen duen sailaren zinegotzi arduradunak hitz egiteko txanda bat gehiago izango du aurrerantzean, baita eztabaida ixteko eskubidea ere.