Zuzeneko musika eta 'pintxo-botea' eskainiko ditu Ciudad San Sebastian katamaranak
Ciudad San Sebastian katamaranak ekin dio aurtengo denboraldiari. Martxoaren 17an hasi behar zuen, baina pandemiak atzeratzera behartu du. Aurten itsasontzia berritu dute. Besteak beste, motorra aldatu dute, eta instalazio elektriko, komunak eta barra berritu dituzte. Era berean, beheko partean, lehioak jarri dituzte eta eserlekuetan kuxinak jarri dira. Gainera, segurtasun neurriak bermatzeko, %80ko edukierarekin arituko dira lanean, eta ez dute urpeko ikuspegirik eskainiko.
Ezaugarri praktikoez haratago, hainbat egitasmo kultural izango ditu aurten katamaranak. Asteazkenero, 19:00etako bidaian, zuzeneko musika emanaldia egingo du Iker Lauroba musikariak. Ostegunetan, pintxo-botea egingo dute, Parte Zaharreko hainbat tabernarekin elkarlanean. Egitasmoan parte hartzeko izena ematen duten bidaiariek, hiru pintxo eta edari dastatzeko aukera izango dute 19:00etatik 20:30etara, katamaranean bertan.
Bestalde, hainbat ekintza puntual ere egingo ditu. Uztailaren 5ean, eguerdian, bertso saioa eskainiko dute Maialen Lujanbio eta Sustrai Colinak. Jazzaldi garaian, itsas jazzaldia ere egingo dute, zuzeneko musikarekin, arratsaldeko 19:00etako paseoan. Honekin guztiarekin “bertatik” eta “bertakoentzat” eskaintza bultzatu nahi izan dutela azpimarratu dute.
Itsasontziak Kontxako badiatik egunero-egunero eskaintzen ditu bidaiak, lau goizean eta lau arratsaldean. Zehazki: 12:00etan, 13:00etan, 14:00etan, 16:00etan, 17:00etan, 18:00etan, 19:00etan, eta 20:00etan.