Berriro ekingo diote Artikutzan ibilaldi gidatuak egiteari

Hiru hilabete igaro dira Artikutzan azken irteera gidatua egin zutenetik, eta igandean, hilaren 28an, berriro ekingo diote bisitak egiteari. COVID-19aren pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zituzten ibilaldiak, eta antolatzaileek adierazi dute “gogoz” ekingo dietela jarduerei.
Datorren ibilaldi gidatua Udallue bailaran zehar izango dela jakinarazi dute. Irteera Artikutzako Eskas aparkalekuan izango da, 9:15ean, eta 13:30ean amaituko da, aurreikuspenen arabera. “Bidexkak pagadi handi eta eder baten barrenetik eramango gaitu burdinola zahar batera. Ibilbide zirkularra da, Artikutza auzotik abiatzen dena. Maldarekin hasten den arren zailtasun handirik gabe jarraitzen du. Beti bezala, Artikutzako historiaz eta berezitasunez, eta gure inguruko ingurune naturalaz hitz egiteko aprobetxatuko dugu”, adierazi dute.
Honela deskribatu dute ibilbidea: “Basoarekin, biodibertsitatearekin eta historiarekin lotutako ibilbide hau Artikutza auzotik abiatzen da. Erreka txikiak eta zuhaitzak protagonistak dire Urdallueko bailararen pagaditik oinez joango gara. Urdallueko burdinola zaharrera iritsiko gara eta, hamaiketakoa hartu ondoren, Enobietako urtegiraino jaitsiko gara. Ibiltzera ohituta dagoen jendearentzat gomendatutako ibilbidea da. Hasierako igoerak 400 metroko desnibela du, gora goazela geldialdiak egingo ditugu inguruneaz gozatzeko. Irteera guztia basoko bidexkatik egingo da”.
Ibilaldian parte hartzeko izena eman behar da aurretik, eta horretarako, Donostiako Udalaren webgunean galdetegi bat bete beharko da; 679 61 30 16 telefonora deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita ere egin ahalko da izen ematea. Ibilbidearen tasak honakoak izango dira: dohanik 6 urtetik beherakoentzat; 2,09 euro 6 eta 12 urte artekoentzat; eta 3,14 euro 12 urtetik gorakoentzat.
Segurtasun neurrien inguruko honako oharra ere zabaldu dute antolatzaileek: “Kontuan hartu segurtasun neurri batzuk hartu beharko ditugula COVID-19 aren hedatze arriskuak sahiesteko, maskara eramatea beharrezkoa den arren, soilik erabili beharko dugu segurtasun tartea mantendu ezin dugunean”.