ELA sindikatuak Donostiako Metroa egiteko lanak gelditzeko eskatu du berriz ere

Azken asteetako gertakariak ikusita, Donostiako Metroa egiteko lanak gelditzeko eskatu du berri ere ELA sindikatuak –hedabideen aurrean agerraldia eginez, lehenengo aldiz–, “langileak eta herritarrak arriskuan jartzen ari direlako”.
Hain zuzen, EAEko Goi Auzitegiak arrazoia eman diela azpimarratu dute, “egiaztatu baitu Metroaren lanetako lurren garraioa eta mugimendua egiten ari diren langileen bizitza eta osotasun fisikorako oinarrizko eskubideak urratu egin direla, kamioien Gehienezko Pisu Baimendua (GPB) gaindituta”. Izan ere, tuneletik ateratzen duten lurra kamioietan eramaten dute Orioko eta 27 Industrialdeko zabortegietara, eta kamioiek GPBa baino %50 karga gehiago –26 tona eraman ditzakete gehienez, eta 44 tona eraman izan dituzte San Joseren arabera– eraman izan dutela esan du Igor San Jose ELAko Eraikuntza arloko arduradunak goizean, David Pena abokatuarekin batera sindikatuaren egoitzan egindako agerraldian. Karga gainditzeak, kamioiaren gidaria bera arriskuan jartzeaz gain, errepidean doazen gainontzeko gidariak arriskuan jartzea suposatzen duela salatu du sindikatuko kideak. Era berean, nabarmendu dute eurek salaketa jarri zutenerako, Mariezcurrena S.L., Zubieder, Campezo, Sacyr eta Cavosa enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) Ertzaintzaren 25 salaketa zituela, karga gainditu eta Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) iraungituta izateagatik.
Horrela, sententzia horrek bide juridiko garrantzitsu bat ireki duela azpimarratu du Penak, lesiorik edo istripurik gertatu gabe, langile bat arrisku egoeran jartzea Bizi eta Osotasun Fisikorako eskubide urratzea dela ebazten baitu. Hain zuzen, lesio zehatzik egon ez den arren, enpresa –ABEEak azpikontratatutako enpresa– 5.000 euroko kalte ordainak ordaintzera behartu dute auzitegiek. Horregatik, Penak nabarmendu du “langileen osotasuna babesteko aurrerapausoa” dela, “lan osasuneko arau hausteen inguruko erreklamazio gehiago egiteko” aukera irekitzen duelako.
San Josek eta Penak azaldu dute azken urtean hamabi salaketa jarri dituztela EAEko Lan Ikuskaritzan eta auzitegietan. Nabarmendu dute Metroaren lanetan “legez kanpoko lanaldiak eta gehiegizko lan erritmoak” egiten direla –San Josek adierazi du langileak hemeretzi orduko lanaldiak egiten aritu direla–, eta “lan eta zirkulazio prebentzio eta segurtasun arauak” ez direla betetzen. “Hau lege urraketa onartezina da, eta etengabeko lan istripuak ari da eragiten”, gaineratu dute. Era berean, Lan Ikuskaritzaren, Euskal Trenbide Sarearen (ETS), Eusko Jaurlaritzaren, Industria sailburuordetzaren eta Meatzeen zuzendaritzaren jarrera salatu du San Josek, gertatzen dena jakinda ere “ezikusiarena” egin dutelako.
Zubieta kaleko lur jausia
San Josek gogoratu du Zubieta kaleko lur jausia gertatu aurretik ETSk eta aipatu ABEEak bazekitela azken asteetan ur eta hondar isuri handiak gertatzen ari zirela, sindikatuak jakinarazi baitzien, baita Lan Ikuskaritzan salatu ere. San Josek azaldu du tunelean dabiltzan langileek urte asko daramatzatela horrelako lanetan, eta denbora asko zeramatela esaten horrenbeste ur ateratzea ez zela ohikoa. Horretaz gain, langile askok “beldurra” dutela adierazi du sindikatuko kideek, eta batzuek borondatezko baja ere eskatu dutela.
Azkenean, luizia gertatu zen, eta San Josek nabarmendu du askoz istripu larriagoak gertatu daitezkeela, “itsuan” lan egiten ari direlako. Horregatik, lanak guztiz gelditzeko eskatu zuten orduan –Kontxa inguruko lanak geldituta daude, baina ez Easo ingurukoak–, eta berriz ere eskatu dute oraingoan.