Itxi egin dituzte Atano III.a pilotalekua eta La Sirena, etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak

Koronabirusaren pandemia baretuta, Donostiako Udalak etxerik gabeko pertsonentzat jarritako baliabideak itxi egin ditu: Atano III.a pilotalekua eta Ondarreta Gazte Aterpetxea. Martxoaren 19an ireki zituzten bi zentro horiek, eta, orain arte, 172 pertsona artatzera iritsi dira, Abegi etxea eta Uba aterpetxea aintzat hartuta.
Atano eta Ondarreta Gazte Aterpetxea itxi ondoren, Aitziber San Roman Gizarte Ekintza zinegotziak azaldu du gaur egun hiriak eguneko 40 plaza eta gaueko 22 plaza dituela –afaria, ostatua eta gosaria–. Abegi etxeko arreta zerbitzua bere 40 plazekin mantenduko dutela adierazi du San Romanek, baita Gaueko Aterpea astelehen gauean irekiko dutela ere. Era berean, nabarmendu du udalak diru-laguntzak eman dizkiela 25 pertsonari, ostatua aurkitu dezaten, eta “gehienek” hala egin dutela esan du. Bestalde, tutoretzapeko etxeetan hamabi edo hamalau plaza gehiago jarriko dituzte azpimarratu du.
Bestalde, martxoaren 19tik hona izan duten esperientzia “frenetikoa” izan dela adierazi du zinegotziak, denbora gutxian ahalbidetu baitzituzten gune guztiak, baita aldaketa batzuk egin ere; hala nola, Atanotik Ubara eraman zituzten hasiera batean pilotalekuan zeuden pertsonen erdia. “Lan handia” egin dela nabarmendu du San Romanek, baina lortu dutela normalean gizarte zerbitzuetara joaten ez diren pertsonak ere artatzea.