Harrera Sareak ontzat jo du Errefuxiatuen Eguneko mobilizazioa

400 pertsona inguruk hartu zuten parte larunbatean Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta egindako giza katean. Aurreko urteetan bezala, askotariko elkarte eta mugimenduek antolatu zuten aldarrikapen ekintza hau, besteak beste, Donostiako Harrera Sareak. “Mobilizazioa oso ondo joan zen”, azpimarratu du Garazi Montuschi Harrera Sareko kideak. Izan ere, errefuxiatu eta pertsona migratzaile asko bertaratu ziren, eta antolatzaileek adierazi dutenez, “hori guretzat oso garrantzitsua da”, gehitu du.
Giza katea Aquariumetik abiatu zen, 12:00etan. Parte Zaharrean sartu zen ondoren, eta udaletxeraino iritsi zen. Aurtengo leloa Babeslekua harrera da, eskubideak dira, erregularizazioa da izan da, eta hain zuzen ere ildo horretatik joan ziren udaletxe aurrean irakurritako manifestuaren aldarrikapenak. Alde batetik, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzaren politikak “salatu” zituzten. Bestetik, errefuxiatuek, “euren bizitza arriskuan jarri gabe”, Espainiako Estatura eta Euskal Herrira iristeko aukera izan dezaten eskatu zuten, eta bizi kondizio duinak bermatzea hemen. Honi lotuta, Alan Kurdi eta Aita Mari ontziei ezarritako blokeoa ere salatu zuten, eta politikako bozeramaileei diskurtso eta jarrera arrazista eta xenofoboekiko jarrera irmoa izan dezaten aldarrikatu zuten.
Bestalde, giza katea egiteaz gain, bertsolari batek bertso bat kantatu zuen urari eta uretatik iristen diren pertsonei buruzkoa.
Donostiako Harrera Sareaz gain, ondorengo mugimendu eta elkarteek antolatu zuten giza katea: Bake-Ekintza Antimilitarista, Oxfam Intermon, SOS Arrazakeriak Gipuzkoa, GOT, Irungo Harrera Sarea, Kolore Guztiak, Denon Elkartea, Ongi etorri errefuxiatuak, Zaporeak, SMHek, Hotz Zarautz, Matiz Elkartea, ZAIE elkartea, eta CREAR Euskadi.

















