'Orain ardura'-k mobilizazioak iragarri ditu, erakundeei funts publikoak "arduraz" kudeatzeko eskatzeko

Joan den maiatzean aurkeztu zuten Hego Euskal Herriko eragile ugarik Orain ardura egitasmoa, AHTaren obrak eten, eta premiazko zerbitzuetan inbertitzeko beharra aldarrikatzeko. Bide horri jarraituz, ekainaren 25ean herri eta hiri ugaritan mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute, besteak beste, “gizarte zerbitzuetan baliabiderik ez dagoela salatzeko”. Donostian, elkarretaratzera deitu dute egun horretarako, Donostia Ospitalean, 11:00etan.
Orain ardura kanpainaren bitartez, egitasmoarekin bat egin duten askotariko eragileek erakundeei funts publikoak “arduraz” kudeatzeko erantzukizuna eskatu diete: “Pertsonen osasuna eta bizi baldintzak jokoan dauden honetan, azken horien ongizatea bermatzeko behar adina baliabideak ziurtatzea eskatzen du. Hori dela eta, oinarrizko beharrak asetzeko ez diren gastu erraldoiak, Abiadura Handiko Trena eta porlanarizazioaren sukarraldiko proiektu guztiak kasu, geldiarazi eta diru hori gizarte beharretara bideratzea eskatzen da”, azaldu dute.
Halaber, azaldu dute aste honetan Europako Kontu Auzitegiak txosten bat argitaratu duela, eta horrek Orain ardura-ren bultzatzaileek defendatzen duten tesiei “bultzada handia” ematen diela adierazi dute: “Horregatik eta bizi dugun krisi larria dela eta, uste dugu inoiz baino garrantzitsuagoa dela sektore gehiagoren inplikazioa, ardura eta erantzukizuna nagusitu daitezen”.
150 atxikimendu
Egitasmoa aurkeztearekin batera, aldarrikapen guztiak jasotzen dituen manifestu bat aurkeztu zuten maiatzean, eta ordutik, 150 eragile eta sindikatuk eman dute euren atxikimendua; gainera, 1.800 norbanako inguruk ere sinatu dute komunikatua. “Ideia horiek gizarte osora eramaten saiatuko den kanpaina baten hasiera besterik ez da hau”, adierazi dute sustatzaileek.
Manifestu osoa irakurgai dago Orain ardura egitasmoaren webgunean, eta webgunean sartuta eman ahalko da atxikimendua.