Andoni Ollokiegi abeslariak girotu du Marrumako San Joan bezpera
COVID-19arengatik San Joan suak debekatu bazituzten ere, auzoetan San Joan bezpera ospatzeko hainbat alternatiba aurkitu zituzten atzo.
Grosen, Saguesen piztu ohi duten suaren inguruan bildu ohi da jendea, baina aurten, ezin izan dute halakorik egin: ez berbenarik, ez Eskola taldearen dantzarik, ez Galizia Etxekoen queimadarik, ezta surik ere. Horren aurrean, Marruma Elkarteak ospakizun xume bat egitea erabaki zuen. Marruma elkartean hasi zuten festa, 19:30ean, eta bizilagunek sardina jatea egiteko aukera izan zuten. Pintxo-pote moduan egin zuten otordua, hau da, edari bat eskatzen zutenen artean banatu zituzten sardinak.
Arratsaldean zehar giro paregabea izan zen elkartean eta tabernan, izan ere, Andoni Ollokiegi abeslariak emanaldi akustikoa egin zuen, eta bizilagun guztiak dantzan jarri zituen musikariak.
San Joan bezperak auzoetan utzitako uneak eta irudiak jasotzen ari da IRUTXULOKO HITZA. Honako estekan aurkitu daitezke albiste guztiak.