Egitaraua Zuloaga plazara egokitu, eta ur-puxiken borrokan eta dantzan aritu ziren Parte Zaharrean
Parte Zaharreko Gazte Asanbladak koronabirusaren egoerari egokitutako San Joan bezperako egitaraua Trinitate plazan egin behar zuen. Baina goizean, auzolanean hasi bezain laster, udaltzainak gerturatu eta plaza itxi zuten. Hala ere, Zuloaga plazan festarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen asanbladak, Itzali ezin den sua gara aurtengo jaien leloari eutsiz, eta egitarauko hainbat jarduera plaza berrira egokituz. Hala, 14:00etako bertso bazkariaren ondoren, frontoirik ez zegoenez, barrenearen ordez, puxikak urez bete eta ur-puxika borroka egin zuten auzoko kaleetan. Aurreikusitako kalejirarik ere ez zen izan, baina surik gabeko akelarrea egin zuten, hainbat dantza dantzatuz. Gazte asanbladakoak ez ezik, auzoko adin askotako bizilagunak ere dantzan aritu ziren.
San Joan bezperak auzoetan utzitako uneak eta irudiak jasotzen ari da IRUTXULOKO HITZA. Honako estekan aurkitu daitezke albiste guztiak.