San Joan bezperako ekitaldi solemnea egin dute Konstituzio plazan
Konstituzio plazan San Joan bezpera ospatzeko ekitaldi sinbolikoa eta ezohikoa egin dute aurten, solstizioa ospatu eta koronabirusagatik hildako pertsonak gogoratzeko helburuarekin. Plazara zozka bidez hautatutako 120 herritar besterik ez dira sartu ikusle gisa.
Aurreikusi bezala, aurtengo San Joan bezpera ezohiko gaua izan zen. Auzoetan egin ohi diren suak debekatu zituen udalak, segurtasunagatik, eta Konstituzio plazakoa izan zen su hartu zuen lizar bakarra. Suak debekatu arren, beste auzo batzuetan ere egin zituzten San Joan bezpera ospatzeko hainbat jarduera.
22:00ak baino lehenago hasi ziren Konstituzio plazara iristen zozka bidez hara sartzeko aukera irabazi zuten 120 herritarrak. COVID-19a dela eta, ez ohiko segurtasun neurriekin egin zuten ekitaldia, eta plazaren lau sarrerak itxi zituzten, sartu-irtenak kontrolatzeko.
Goizean hasi ziren langileak oholtza eta beharrezko baliabide teknikoak muntatzen, baita plaza erdia hartu zuen lizar erraldoia ere. Liburutegiko erlojuak 22:15 jo zuenean hasi zen ekitaldia, eta ikusleek adi-adi jarraitu zuten ikuskizuna, plazaren inguruan sakabanatutako aulkietan eserita. Donostiako Orfeoiko kideak izan ziren oholtza gainera igotzen lehenak, eta jarraian sartu ziren plazara Udal Txistulari Taldeko musikariak, eta udal taldeetako ordezkariak. Ekitaldian parte hartu zuten Eneko Goia alkateak, Nekane Arzallus alkateordeak, eta Marisol Garmendia, Reyes Carrere, Aitzole Araneta eta Mikel Lezama zinegotziek.
Urtero moduan, Goizaldi taldeak dantzatu zuen plazan, eta aurten, berritasun gisa, beste hainbat dantza talde ere aritu ziren: Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Kresala eta Trebeska. Ekitaldi sinbolikoa izan zen aurtengoa, solstizioa ospatu eta koronabirusagatik hildako pertsonak gogoratzeko helburua izan zuena. Hain zuzen, parte hartzaile guztiak plazara sartu zirenean, eta Alkate soinua-ren notak amaitzean, Agurra dantzatu ostean, minutu bateko isilunea egin zuten, birusak hildakoen omenez.
Ondoren, soka dantza hasi zen, eta parte hartzaileek zapiak helduta osatu zuten kalejira, euren artean eskua ez emateko. Aurten, baina, udal agintariek ez zuten dantzarik egin, udalaren arabera, «jaien eragileak izan zitezen protagonistak». Dantza taldeetako dantzariek San Joan zortzikoa dantzatu eta gero, Eneko Goia alkateak hitzaldi bat egin zuen, plazaren erditik. Ostean, soka dantzarekin jarraitu bitartean, San Joan zuhaitzaren erritua hasi zuten, eta sua piztuta inguruan dantzatu zuten artistek: fandangoa, arin-arina, eta kalejira egin zituzten dantzaldia amaitzeko. Bitartean, hiru gizonek sua itzali, eta lizarraren azala kentzeari ekin zioten.
Amaitzeko, Txistularien Udal Taldeak eta Donostiako Orfeoiak hainbat abesti kantatu zituzten, ikusleek ilara bat eginda lizarraren ezpalak jasotzen zituzten bitartean. San Joan bezperako ez ohiko ekitaldiaren bukaeran izan zen gaueko unerik hunkigarrienetako bat: Orfeoiak eta Txistulari Taldeak Agur, jaunak abestiarekin eman zuten amaitutzat emanaldia.
Hiriko San Joan su bakarra piztu dute Konstituzio plazan. Udal taldeetako ordezkariek, hiriko hainbat dantza taldek, Orfeoiak eta Udal Txistulari Taldeak hartu dute parte ekitaldian. Amaitzeko, 'Agur jaunak' abestu dute#sanjoan2020 @irutxulo pic.twitter.com/TmANxFBm0x
— Irati Salsamendi (@IratiSalsamendi) June 23, 2020
San Joan bezperak auzoetan utzitako uneak eta irudiak jasotzen ari da IRUTXULOKO HITZA. Honako estekan aurkitu daitezke albiste guztiak.