
Gainerakoak bezala konfinatuta egon diren arren, Barrexerka antzerki konpainiako kideek ez dute denborarik galdu. Orbaina izeneko dokumental laburra aurkeztu dute, umore beltzez eta autokritikaz beteriko ikus-entzunezkoa. Dokumentalak Saguesen egindako antzezlan bat du oinarri moduan, eta egun horretan izandako gertakari “traumatiko” bat da filmaren haria. Konpainiako aktoreez gain, beste hainbat gonbidatuk ere hartu dute parte.
Alarma egoera ezarri aurretik, hiru emanaldi zituzten aurreikusita Barrexerkakoek, baina, jakina den bezala, kultur ikuskizun guztiak bertan behera gelditu ziren. Maialen Sorzabalbere aktoreak azaldu duenez, udan konfinamendu garaian egin ezin izan zituzten lanak egiteko aprobetxatuko dute denbora, besteak beste, ikuskizunetarako erabiltzen dituzten esketxak grabatzeko.
Sorzabalberek azaldutakoaren arabera, udazkenerako emanaldi bat daukate lotuta oraingoz, eta ikuskizuna prestatu eta entseatzeko ere erabiliko dute udara. “Sare sozialetan ere aurkeztu berri dugun dokumentalaren antzeko gauzatxoak egiteko asmoa daukagu”, gaineratu du aktoreak.