50 urte Amara baten eta bestearen mugan
Mende erdia bete da Ricardo Ugarte artista pasaitarrak ‘Estela’ eskultura Amarako Mendeurrenaren plazan jarri zuenetik. Bere garaian ez zen donostiar guztien gustukoa izan, baina hiriko elementu adierazgarri bat da gaur egun. Eskultura zaharberritzen ari dira egun hauetan.
Donostiar orok ezagutzen du Amarako Estela eskultura, 50 urte baitaramatza Amara eta Amara Berri auzoen arteko mugan, Mendeurrenaren plazan. Herritar askok, ordea, segur aski ez dute eskultura horren historia ezagutuko.
Ricardo Ugarte artistak (Pasaia, 1942) egin zuen eskultura 1969. urtean. Urte hartan antolatu zuen Donostiako Udalak estreinakoz hiriko Eskultura Bienala –1971era arte baino ez zuten antolatu–, eta Ugarte izan zen irabazlea, Estela eskulturarekin, hain zuzen.
Sari gisa, lehiaketaren irabazleak bere eskultura Donostiako kaleetan jartzeko eskubidea zuen, eta hala egin zuen Ugartek bere obrarekin: zinkarekin egindako 50 bat kubo hutsez osatutako hamar metroko eskultura eraiki zuen. 1970eko urtarrilaren 20an, San Sebastian Egunean, artelana inauguratu zuten, eta haur danborrada batek girotu zuen garaiko politikariz beteriko ekitaldia. Bitxikeria gisa, Paco Sagarzazu aktorea Herri Irratiko kazetaria zen orduan, eta han izan zen, Ugarte elkarrizketatzen. Inauguratu eta gutxira artistak eskultura egokitu behar izan zuen, negu hartako haizeteek kalteak eragin baitzituzten egituran.
Gaur egun hiriko elementu ezagunenetako bat bada ere, egin zutenean herritar batzuen kritikak jaso zituen, orduko Donostiako gizartea busto finetara eta irudi erromantikoetara ohituta baitzegoen; hiriko lehenengo eskultura abangoardistetako bat izan zen Estela.
Jatorrizko itxura emango diote
Aldamio handi bat du orain artelanak inguruan, izan ere, 50. urteurrenarekin bat eginez, obra zaharberritzen ari da udala.
Ugarterekin elkarlanean ari dira udaleko langileak zaharberritze lanak egiten, oxidazioa ur zurrustada handiekin kenduz, zuloetan zinkezko xaflak soldatuz eta jatorrizko kolorez margotuz. Izan ere, kolore ilun bakar batekin margotuta zegoen hasieran eskultura osoa, baina beltzez eta gris argiz margotu zuten gerora.