Euri zein eguzki, Intxaurrondon petanka
Herritar ugari biltzen dira egunero Intxaurrondoko petanka jokalekuetan, kirol pixka bat egin eta goiza pasatzeko. Orain arte, eguraldi txarra egiten zuenean ezin zuten jokatu, baina udalak jokalekuetako bati estalkia jarri dio, eta erabiltzaileak pozik agertu dira.
Petanka ez da kirolik ohikoena Euskal Herrian, baina Donostian bada jatorri frantseseko joko horrek futbolak bezain beste arrakasta duen auzo bat: Intxaurrondo. Izan ere, 1991n eraiki zituztenetik, auzoko erretiratuak egunero joaten dira Siustegi parkeko petanka jokalekuetara, eta han ematen dute goiz osoa. Giltzarekin itxitako kutxa bat dute parkean bertan, eta hortik ateratzen dituzte goizero trapuak, erratzak eta arrasteluak, bi jokalekuak prest uzteko.
Miguel Angel Goñi Sola da egunero han jokatzen duen erretiratuetako bat, eta oso giro ona izaten dutela nabarmendu du: “Goiz osoa tabernan kafeak eta ardoak hartzen pasa beharrean, hona etortzen gara; kirol pixka bat egiten dugu, giro onean goiza pasatzen dugu eta, orduan bai, ardo bat hartu eta etxera joaten gara bazkaltzera”. “Auzoko erretiratu asko etortzen dira jokatzera edo ikustera, baita inguruko auzo eta herrietakoak ere”, gaineratu du Goñik.
Orain arte, ordea, arazo bat izan dutela azaldu du petanka jokalariak: “Neguan, herri honetan eguzki baino euri gehiago izaten da, eta, horrela ezin denez jokatu, kalearen beste aldeko aterpeetan sartzen ginen, hotza pasatzera”. Horregatik, Goñik, erabiltzaile guztien izenean, eskutitz bat idatzi zion Eneko Goia Donostiako alkateari, 2017ko martxoaren 24an. Eskutitz horretan, euren egoera azaldu zion alkateari, baita jokalekuak estaltzeko eskatu eta bisita bat egitera animatu ere. Goiak hala egin zuen, eta erretiratuak azaldu duenez, petanka jokalekuetako giroarekin “txundituta” gelditu zen: “Ez genuen uste kasurik egingo zigutenik, baina alkatea bisitan etorri zen, petankaren kontu hori zer zen eta nork jolasten zuen jakin nahian”.
Lursaila Gipuzkoako Foru Aldundiarena zen, beraz, lanak egin ahal izateko, udalak hainbat hitzarmen sinatu behar izan zituen aldundiarekin. Erretiratuek autobidetik hurbilen dagoen jokalekua erabiltzen dute gehien, eta hori estaltzeko eskatu zioten udalari, baina aldundiak ez zien utzi, autobidean arazoren bat sortu zezakeelakoan. Horregatik, parkearen beste aldean dagoena estali dute, eta erabiltzaileak pozik agertu dira: “Autobide ondokoa estaliz gero, estetika aldetik arazoak sortu zitzakeen, baina jarri duten lekuan ondo dago, nahiko diskretu gelditzen da”, adierazi du Goñik. Carpas Zaragoza S.L. enpresak egin du lana, eta adjudikazioaren prezioa 90.387 eurokoa izan da.
Erretiratuak soilik ez
Alkatea bisitan joan zen egunean, Goienetxe Fundazioko kideak ere petankan jokatzen ari ziren, eta Goñiren ustez, hori Goiaren gustukoa izan zen: “Goienetxe Fundaziokoek udalaren egutegiak banatzen dituzte Gabonetan, eta, dirudienez, alkatea beraiekin hizketan izan zen aurreko urtean. Beraz, hemen ikusi zituenean, eta horrenbeste jendek jolasten zuela ikusita, gaia aztertuko zuela esan zigun”.
Izan ere, Berioko Goienetxe Fundaziokoek hainbat jarduera egiten dituzte zentrotik kanpo, eta duela urte batzuk Intxaurrondoko petanka jokalekuetara joaten hasi ziren, ostiralero. “Txapelketaren bat ere antolatu izan dugu beraiekin, eta oso ondo pasatzen dute”, azpimarratu du Goñik.
Horretaz gain, ohikoa da gazte aljeriarrak erretiratuekin batera jolasten ikustea, hein batean kultura frantsesa dutenez, petanka gustuko baitute. Era berean, auzoko haurrak petankako pilotekin liluratuta gelditzen direla azaldu du Goñik.
Intxaurrondon, beraz, joko bat baino gehiago da petanka; auzo bizitza sustatzeko modu bat da. Orain, urteko egun guztietan jokatu dezakete.