Euskaltegiek gogotsu ekin diote normaltasun berriari
Pandemiak behartuta, euskaltegietako irakasle eta ikasleek etxetik eta Internet bidez egin dute lan, hilabeteotan klaseekin aurrera egiteko. Horri esker, zentroek gaitasun probak egitea eta ikasturtea amaitzea lortu dute azkenean, baina uda ostean gerta daitekeenaren beldur dira.
Azken bi asteak eromen hutsa izan dira hiriko euskaltegietan, ikasgeletarako itzulerari ikasleen gaitasun probak eta ikasturte amaiera pilatu zaizkiolako. Bi hilabete baino gehiago etxetik lan egiten igaro ostean, euskaltegiek euren ateak berrireki zituzten maiatza amaiera eta ekaina hasiera bitartean, eta azken bi asteetan zehar azterketetan murgilduta ibili ostean, gaur bukatu dute inoiz izan duten ikasturte bereziena.
Martxoaren 13an Eusko Jaurlaritzak euskaltegi guztien itxiera agindu zuen unetik, zentroek euren jardunari eusteko alternatibak bilatu behar izan zituzten, eta lan munduko beste arlo askorentzat bezala, Interneta izan zen azkenean haien irtenbide bakarra. Bada, ordutik hona, ordenagailuaren pantailak ikasgelaren hormak ordezkatu ditu, eta boligrafoz idatzi ohi ziren testuak teklatuarekin sortu dituzte ikasleek.
Sistema berriak bere mugak izan ditu, sarearen konexio arazoez gain, elkarren arteko konexioa eta ulermena ere zaildu egiten delako pantailatik pantailara hitz egiten denean. Baina, zailtasunak zailtasun, ikasle zein irakasleek erritmoa hartu diote funtzionamendu berriari, eta pandemiaren une gogorrenetan askorentzat ezinezkoa zirudiena lortu dute azkenean: euskararen gaitasun probak egin eta gainditzea.
Konfinamenduan zehar, euskaltegietan osaturiko taldeek euren dinamika propioekin jarraitu dute ikasten, bakoitzak erabakitako moduan: bideodei kolektiboekin, banakako tutoretzekin, idazlanak eta ariketak eginez… Eta, behin euskaltegira bueltatu ahal izan direnean ere, ikasleek nahi zuten modura ikasteko aukera izaten jarraitu dute.
Gauzak horrela, badira etxetik lanean jarraitu duten taldeak, eta baita bi ereduak nahasiz ikasgela berean pertsonak eta pantailak elkartu dituztenak ere. Izan ere, koronabirusaren gaitzak oraindik beldurra eragiten du, eta askok nahiago izan dute ez arriskatu. Dena den, euskaltegietako arduradunek erakundeek ezarritako segurtasun neurri guztiak bete dituzte, besteak beste ikasgela bakoitzeko jende kopurua murriztuz eta zenbait kasutan txandakako sistemak antolatuz.
Hain zuzen, modu horretan egin behar izan dute lan asteotan Bilboko BEC zentroan ere, EAEko milaka euskara ikasle bildu dituzten gaitasun probak egin ahal izateko. Deialdi itxiak eta irekiak batuta, HABEk azterketen egutegia estutzea lortu du, eta egun gutxian B1, B2, C1 eta C2 mailetako proba guztiak burutu ahal izan ditu, ikasle askorentzat ikasturte oso baten galera izan zitekeena saihestuz.
Udan probak, udazkenean kolpea
Begirada hurrengo ikasturtean jarrita, euskaltegiak udako ikastaroetarako matrikulazioekin hasi dira orain, eta datozen hilabeteak nolabaiteko entrenamendu bat izango dira beraientzat. Momentuz, pandemian zehar ikasleei eskaini dizkieten klase eredu berak eskaintzen jarraituko dute, klase presentzialekin, Internet bidezko saioekin eta eredu hibridoekin, baina badirudi ikasleen gehiengoak ohiko formatu presentziala hautatuko duela, ohitura aldaketak egun batetik bestera errotzea oso zaila delako.
Dena den, udako ikasle kopurua murritzagoa izan ohi denez, euskaltegiek funtzionamendu berrira hobeto egokitzeko aukera on bat izango dute orain, urrian hasiko den beste ikasturteari begira prest egoteko. Datorren neguak asko kezkatzen ditu, ordea, udazkenean ikasgelek ohiko itxura berreskuratzea ezinezkoa izango dela uste dutelako.
Txerto baten faltan, taldeek murriztuak izaten jarraitu beharko dute, eta horrek homologazio arazoak ekar ditzake, orain arte hiriburuetako euskaltegietan taldeak gutxienez bederatzi pertsonakoak behar izan direlako. HABEk, ordea, kopuru horretatik beherako taldeak homologatuko dituela iragarri du, arazo hori desagerraraziz.
Baina, homologazioa jaso arren, matrikulazio kopurua txikiagoa izango dela aurreikusten dute, eta horrek diru iturriak gutxituko dizkiela uste dute zentroetako arduradunek. Gauzak horrela, irailetik aurrera iritsiko dena haien biziraupenarentzako kolpe handia izan daitekeela uste dute euskaltegiek.