Euskara maila urria duten haurrentzat online bidezko mintzapraktika saioak egingo dituzte udan
COVID-19aren pandemiak eragindako itxialdiaren ondorioz, haur askok zailtasunak izan dituzte euskara erabili ahal izateko, familia asko erdaldunak direlako, eta umeek eskolan ikasten eta erabiltzen dutelako gehienbat. Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, udan online bidezko mintzapraktika saioak egiteko proiektu pilotu bat jarri du abian, Katalin Erauso ikastetxeko haurrentzat.
Konfinamenduan zehar auzoetan sortutako zaintza sareek ere horrelako egitasmo bat jarri zuten martxan duela aste batzuk, itxialdian zehar familietan sortutako hizkuntza eta hezkuntza beharrei erantzuteko.
Saioak euskara maila urria duten Lehen Hezkuntzako haurrentzat dira, eta aste honetan hasi dituzte; hiruzpalau haurrez osatutako hamar talde eratu direla azaldu du udalak. Talde bakoitzak astean ordu erdiko bi saio egingo ditu, eta horiek hezitzaile batek gidatuko ditu. “Esperientzia pilotu honetan eskarmentu handiko hezitzaileak kontratatu dira eta prestakuntza berezitua jaso dute mintzapraktika saioak eraginkorrak izan daitezen”, azaldu dute.
Saioak ekaina bukaerako egunetan eta uztailean egingo dituzte, eta abuztuan eten egingo dituzte. Irailean, aldiz, Haurrak Beti Jolasean egitasmoa abian jarri bitartean berrartuko dituzte.
Probaldia Katalin Erauso ikastetxean
Udaleko Euskara Zerbitzuak Katalin Erauso ikastetxea aukeratu du egitasmo berria martxan jartzeko, familia erdaldunen ehunekoa handia delako, eta “neurri txikiko” eskola delako. “Oso aproposa da egitasmo honetarako”, adierazi dute.
Jon Insausti Euskarako zinegotziaren esanetan, “eskolako arduradunek pozik hartu dute egitasmoa, premia handia dago eta, eta beraiek arduratu dira familiekin hitz egin eta eskaintza egiteaz”. Gaineratu duenez, familiek ere ondo hartu dute proiektua: “40 haurrentzako eskaintza egin dugu eta bete egin da. Doakoa izateak lagundu du, noski” gehitu du Euskarako zinegotziak.
Probaldia amaitu eta emaitzak jaso eta gero, Euskara Zerbitzuak euskararen erabilera sustatzeko indarrean dituen programak berregokitu, edo erabilera sustatzeko online eskaintza areagotzea komeni den.