«Ez diogu ingurukoari erreparatzen»
‘Elefanteak hirian’ egitasmoa jarri du abian Cristina Enea fundazioak. Hiriko bioaniztasuna beste modu batera jasotzeko helburua du: hain zuzen, hiri ehunaren hainbat puntu apaintzen dituzten animalia bizigabeak identifikatu, eta mapa batean txertatu nahi dituzte.
Nola bururatu zitzaizuen ‘Elefanteak hirian’ proiektua?
Ideia duela bost bat urte bururatu zitzaigun: hiritik paseatzen ari ginela konturatu ginen eraikin askotan zeudela animaliak. Hala ere, ez genekien oso ondo ideia horrekin zer egin. Orain, konfinamendua amaitu denean jende guztia atera da kalera, eta ideia berreskuratu genuen. Jendearen jakin-mina sustatzeko asmoz, erronka moduan planteatu dugu.
Datozen asteetan ez dugu jarduerarik antolatuko, soilik informazioa eskaintzeko zerbitzua izango dugu. Horregatik, proposatzen ari garen edukiak eta jarduerak dira modu autonomoan egin daitezkeenak. Orduan, Elefanteak hirian egitasmoaren ideia oso egokia zela une honetarako. Jendea kalera ateratzen denean, automata baten moduan ibili beharrean, interesgarria da eraikinetan zer dagoen bilatzen aritzea.
Gainera, orain arte zerikusia duten beste gai batzuk ere jorratu ditugu, esaterako hiriko zuhaitzetan dagoen bioaniztasuna. Kasu honetan, egitasmo berri honek zerikusia du horrekin, hemengo natura eta natura bizia ez izan arren.
Normalean, naturarekin lotutako eduki eta jarduerak jorratzen dituzue. Orain, hirigunera egin duzue salto.
Egia esateko, ez da lehen aldia. Izan ditugu hainbat proiektu parketik kanpo, hirian gauzatu ditugunak. Parkean natura eta bioaniztasuna dago, baita gauza bitxiak ere, baina hirian ere badaude gauza interesgarriak. Duela urte batzuk, adibidez, izan genuen proiektu bat zuhaitzetan zeuden bizidunak ezagutzeko. Beste batean, Urumea ibaiaren inguruko egitasmo bat egin genuen.
Orduan, gure lana Urgullen, Ulian eta batez ere Cristina Enean egiten dugu, baina egin izan ditugu beste gauza batzuk. Hala ere, lehen aldia da bizirik ez dagoen naturari keinu bat egiten dioguna.
Uste duzu ez diogula hiriari behar bezala erreparatzen?
Askotan, beste leku batzuetara joaten garenean, horrelako proposamenak egiten dizkigute, esaterako, Salamancako katedraleko igela bilatzearen jolasa. Baina gure hirian gaudenean, gure begirada beti norabide berean joaten da, ez diogu ingurukoari erreparatzen. Azken finean, begirada mugikorretik altxa, eta hiria ezagutzeko beste modu bat proposatu nahi dugu. Hori da gure helburuetako bat.
Gainera, horrelako xehetasunei erreparatzen badiegu, ziur aski hiriko naturaren beste elementu batzuk ere emango digutela atentzioa, esaterako, zuhaitzengan jarriko dugu atentzioa. Ez diegu garrantzirik ematen, baina hiriko bioaniztasun uharteak dira, eta funtzio inportantea dute.
Horietako animalia batzuk gure kale izendegian barneratuta ditugu, modu informalean; esaterako, lehoien plaza (Lasala plaza) eta Mendeurrenaren plazako arranoa.
Bai, badaude elementu batzuk oso enblematikoak direnak, arkitekturari dagokionez garrantzia handia dutelako, eta begien altueran dauden elementuak direlako. Esaterako, Lasala plazako lehoiak erraz ikusten dira, baita Hondarribia kaleko Correosen eraikinean dauden lehoi formako postontziak ere.
Egia da oraingo arkitektura korronteetako eraikinetan ez direla horrelako ornamentazioak ikusten, baina hiri osoan zehar daude animaliak, uste ditugunak baino gehiago: lehoiak, elefanteak, akerrak, antzarrak, eta abar. Gehienak zona erromantikoan daude, garai haietan oso ohikoa zelako horrelako ornamentazioa egitea. Era berean, eraikin askotan daude ere lore-motiboak, baina Elefanteak hirian proiektuan animaliengan jarri dugu fokua.
Nola parte hartu dezakete herritarrek?
Lehen faseko helburua da herritarrek egitasmoaren berri izatea, eta parte hartzea. Animaliaren bat ikusten badute, sare sozialen bitartez jakinarazi diezagukete, informazioa edo argazkia bidaliz. Guk hiriko plano bat sortu dugu, eta gure konpromisoa izango da helarazten dizkiguten guziak hor txertatzea, jendeak ikusi ahal izateko. Gainera, bakoitzean, argazkiaz gain, elementuaren inguruko informazio historikoa argitaratzea da gure asmoa, baita animalia horri buruzkoa ere.
Bestalde, proiektuan parte hartzen duten guztiei Joaquin Araujo naturalistaren La escritura de los animales liburua oparituko diegu. Une polita da irakurtzeko, eta liburu hori oso ona dela iruditzen zaigu: testua oso ondo idatzita dago, eta dituen irudiak izugarriak dira.