"Txinan presiorik ez sentitzen ikasi dut, gauzak lasai hartzen"
Lau urte daramatza Olatz Urkiak (Aiete, 1986) ETBko Asia Pazifikoko berriemaile lanetan. Pekinen du egoitza, eta Txinatik eman du pandemiaren berri. Hain zuzen, duela aste batzuk koronabirus agerraldi berria izan zen Pekingo hegoaldean, eta ondorioz, normaltasunean atzerapauso batzuk izan dituzte hirian.
Pekinen koronabirus agerraldi berri bat izan da. Zer dakigu honi buruz?
Xinfadiko merkatuan hasi zen. Pekingo hegoaldean dago, erdigunetik hogei bat kilometrora, eta Asiako merkatu handiena da. Egunero oso kutsatu kopuru gutxi izaten ari badira ere, kezka handia sortu du. Izan ere, egunero 200.000 pertsona inguru igarotzen dira merkatu honetatik.
Horregatik, gobernuak oso neurri zorrotzak hartu zituen berehala, hegaldiak bertan behera utziz, hiritik ez ateratzeko deialdia eginez, eta eskolak itxiz. Neurri horiek beldurra sortu zuten, eta Pekin beste Wuhan bat izango ez ote zen galdetzen zuen jendeak. Joan den astean, ordea, epidemiologo nagusiak esan zuen kontrolpean dutela Xinfadiko agerraldia. Era berean, kutsatutako pertsonen kopurua jaisten dela ikusteak jendea apur bat lasaitu du. Ez nuke alarmismorik bultzatuko, adituek baitiote ez dela hainbesterako izango. Ez dute uste Wuhan berri bat izango denik.
Bestela, zein da egoera une honetan Pekinen?
Hiriko gune bakoitzean desberdina da. Hegoaldean, Xinfadi merkatura gerturatzen bagara, dena itxita dago, merkatua barne, eta 100.000 pertsona inguru berrogeialdian daude, etxean sartuta. Txinan berrogeialdia egin behar baduzu, ezin duzu etxetik atera, ez erosketak egitera ez beste ezertara ere ez. Hemen, erdigunean, egoera desberdina da. Eskolak, adibidez, itxita daude hiri osoan, baita kaleetara sartzeko kontrol puntuak ere. Kale batera sartzean, tenperatura neurtu eta datuak hartzen dizkizute. Eta test masiboak egiten ari dira hirian.
Aipatzen dituzun neurri horiek Txinako normaltasun berriaren parte dira ala atzerapausoak izan dira?
Atzerapausoa izan da. Izan ere, duela hiru aste, esaterako, polizia kontrolak kendu zituzten. Oso ondo gogoratzen dut kontrolik ez zegoela ikusi nuen momentua. Bost hilabetez, bizi naizen kalean sartzeko txartel bat erakutsi behar nuen. Are gehiago, txartel hori arroparekin batera eramateko beste osagarri bat izan da niretzat. Kontrolak kendu zituztela ospatzen ari ginela, agerraldi hau izan da Xinfadin. Ondorioz, kontrolak itzuli dira. Dena den, ez da shock handia izan, irekierak ez baitu asko iraun.
Nolakoa izan zen pandemiaren hasiera zuretzat?
Txinan guztia hasi zenean, ni Euskal Herrian nengoen, oporretan. Oporrak bertan behera utzi, eta segituan itzuli nintzen. Hasieran, nik ere ez nuen pentsatu hainbesterako izango zenik. Edozein kasutan, deigarria izan zen Donostiatik Pekinera iritsi eta halako hiri bat hutsik ikustea. Pekingo kaleetan beti jendetza dago, baita mugimendua eta giroa ere.
Kazetari gisa, zer izan da Txinatik koronabirusaren berri ematea?
Egunero gaiaz hitz egiteaz nazkatuta amaitu badut ere, oso interesgarria izan da. Besteak beste, Wuhanera joateko aukera izan nuen. Gainera, uste dut pandemiak gauza interesgarri asko ekarri dituela. Besteak beste, Mendebaldean Txinarekiko dagoen nagusitasun sentsazioa agerian utzi du, sinofobia hori. Jendea apur bat ohartu da Mendebaldean barneratuta dugun arrazismo horretaz. Era berean, beste maila batean, interesgarria izan da ikustea Mendebaldeko herrialdeek Txinara begiratzen zutela pandemia egoera nola kudeatu jakiteko, eta hainbatek pentsatzea kudeaketa eredu hori aproposa izan daitekeela. Esaterako, Mendebaldean beti pentsatzen dugu gure osasun sistema perfektua dela, eta Txina, aldiz, atzeratuta dagoela. Guk argi eta garbi ikusi dugu Wuhaneko ospitaleetako erizain eta medikuak ez kutsatzeko hartutako neurriak Mendebaldean hartu dituztenak baino askoz hobeak izan direla.
Wuhanera hiria ireki baino hiru egun lehenago iritsi zinen. Zer topatu zenuen han?
Kontrol handia eta antolakuntza izugarria. Iritsi baino lehen, baimena eskatu behar izan genuen. Iristean, tren geltokian, goitik behera zuriz jantzitako hainbat pertsona ikusi genituen segituan, eta paper asko bete behar izan genituen. Teknologia berrien erabilera ere ikustea oso interesgarria izan zen, alegia, nola antolatzen diren pertsonen mugimenduak jarraitu eta kontrolatzeko. Eta polita izan zen kaleetan jendea pozik zegoela ikustea. Denek zuten euren istorioa. Hiru hilabetez guztizko berrogeialdian —etxetik ezertarako atera gabe— egon ostean, lehenengo aldiz kalera ateratzen ziren pertsonak aurkitu genituen. Jendearen jarrera positibo hori ikustea gustatu zitzaidan.
Bi itxialdi pasa zenituen: Pekingo berrogeialdian bata eta Wuhanetik itzultzean bestea. Berdinak izan ziren?
Ez. Lehenengo itxialdian, lan egiteko eta grabatzeko ohi bezala ateratzen nintzen. Wuhanetik itzuli ondoren, aldiz, hamabost egunez etxetik atera gabe egon behar izan nuen. Zortea dut, hiriko parte zaharrean bizi bainaiz, lehenengo pisu batean. Lagunek erosketak ekarri eta leihotik pasatzen zizkidaten, eta zaborra ere haiek botatzen zidaten. Zakurra ere lagunek ateratzen zuten paseatzera. Leihotik pasatzen nien egunean lau aldiz, eta bueltan ekartzen zidaten ondoren. Etxetik aritzen nintzen lanean, eta etxean dudan balkoi txikitik egiten nituen zuzenekoak.
Kazetari moduan pandemiaren berri emateaz hitz egin duzu, baina inoiz baino lan gehiago egin behar izan duzu?
Bai, uste dut normalean baino lan gehiago egin dudala. Iritsi nintzenean, bi hilabete inguru izan nintzen egunero lan egiten, eta beti prest egon behar nuen. Kontua da ohitu egin naizela honetara, eta orain ere ez dakit horrela lan egitea normala ote den edo ez. Beste bidaia batzuetan, lan asko egiten dugu, baina desberdina da. Agian bi astez lan asko egiten dut, baina ondoren bi aste lasaiago izaten ditut.
Zer izan da gogorrena?
Txinatik ateratzea ezinezkoa dela sentitzea. Ni hemen gustura nago, baina udan, adibidez, Euskal Herrira noa beti. Irailean joan nahi nuen, baina uste dut ezin izango dudala joan. Une honetan, Txinan mugak itxita daude, eta hala jarraitzen badute, ezin naiz atera, posible baita itzultzeko aukerarik ez izatea. Uste dut urrutitik ez dela guztiz ulertzen zein zaila den hemendik mugitzea. Gainera, ikusi dugu agerraldi berriekin gobernuak segituan hartzen dituela neurri zorrotzak.
Gaiari lotutako informazio faltagatik presioa sentitu duzu?
Txinan presiorik ez sentitzen ikasi dut. Askotan pentsatu dut duela lau urte egoera honetan izan banintz, agian sentituko nukeela, baina orain ez. Gauzak lasai hartzen ditut. Lan egiten dudanean ere, denak itxura txarra duenean, beti pentsatzen dut gauzak aterako direla.
Zergatik diozu Txinan berriemaile izateak erakutsi dizula presiorik ez izaten?
Ikusten dut, orokorrean, kulturalki dena lasaiago hartzen dutela. Mendebaldean buelta gehiegi ematen dizkiegu gauzei: dena analizatzen dugu eta gertatu daitekeen horri aurreratzen gatzaizkio. Lagun txinatarrek erakutsi didate gauzak lasaiago hartzen. Eta, jakina, lan honekin ere ikasi dut askatzen eta konfiantza izaten. Batzuetan dena ez da ateratzen nahi genuen bezala, baina beti ateratzen da zerbait.
Zakurra paseatzen ari zinela eraso bat izan zenuela salatu zenuen duela aste batzuk. Zer gertatu zen?
Goizeko ordubatak izango ziren, eta kalean bakarrik nengoen. Bi gizon pasa ziren motorrean, eta emakumea ala gizona ote nintzen galdetzen hasi ziren oso modu bortitzean. Nik ez nien kasurik egin, baina atzean eserita zegoena motorretik jaitsi eta gerturatu egin zen, eta galdera errepikatzen zidan bitartean, lurrera bota ninduen eta ostikadak eman zizkidan. Azkenean, bakean utzi ninduten. Fisikoki ez zen hainbesterako izan, ubeldura eta urradura batzuk soilik. Baina halako eraso bat shock handia izan zen, Pekinen ez baitira horrelakoak gertatzen. Erasoa gertatu ondoren, astebetez zakurra paseatzera ateratzean beldurra sentitu nuen, nahiz eta orain ondo nagoen jada. Erasoa argi eta garbi homofoboa izan zen. Gizon hauek nire inguruan bizi dira, eta gainera, etxebizitzak saltzen dituzten agenteak dira. Ziurrenik, neskalagunarekin ikusi naute noizbait, etxebizitzak bisitatzen ere aritu garelako elkarrekin.
Poliziak lagundu zintuen?
Praktikoki bai. Polizia etxera gertatutakoa salatzera joan nintzen, eta poliziak segituan talde asko martxan jarri zituen, gizonak bilatzeko. Hauek aurkitu bezain laster, kartzelera sartu eta hor egon dira duela astebetera arte-edo. Beldurtuko zituzten, behintzat. Hala ere, enpatiarik ez dute izan, paperak betetzera joan behar izan dudalako. Nazkatuta bukatu dut, baina orain jada bizitza normala egiten hasi naiz.
Kazetari gisa halako egoera deserosoak bizi behar izan dituzu?
Fisikoki ez didate inoiz eraso egin kazetari moduan. Baina, esaterako, duela urtebete, Tiananmenen semea galdu zuen emakume bat elkarrizketatu genuen. Elkarrizketa egin ondoren, etxetik ateratzean, hainbat pertsona gure zain genituen. Poliziari deitu zioten, eta grabatutako guztia ezabatu behar izan genuen. Horrelakoak ohikoak izaten dira. Horregatik esan dut lehen Txinan kazetari gisa lan egin eta gauzak ateratzea zaila izaten dela. Niri ez zait kexatzea gustatzen, baina hala da. Bestalde, autozentsura dela eta, gai sentikorrak direnean, norbaitek argi eta garbi hitz egitea ere ez da erraza, haien konfiantza lortu behar duzulako. Baina ez dira eraso fisikoak.
Elkarrizketatuen autozentsura dela eta, hainbat gauza galdetzeko beldurra sentitzen duzu zuk?
Hori esaten dugu kazetari askok. Autozentsura ere egiten bukatzen dugula. Hala ere, nahi dudana galdetzen saiatzen naiz. Bestalde, uste dut garrantzitsua dela beste Txina bat ikusten jakitea ere. Hemen, zalantzarik gabe, zentsura dago, eta diktadura bat ere bai, baina baita mentalitate desberdin bat ere, eta hori ulertzen saiatzen naiz. Mendebaldeko hainbat kazetari bere burbuilatxoan bizi dira, eta txinera ez ikasteaz gain, hasieratik buruan sartuta zeuzkaten estereotipo berdinekin joaten dira Txinatik. Zerbait gertatzen denean eta txinatar batek ematen digun erantzuna gure mentalitatearen antzekoa ez denean, azalpen errazena beti izaten da ‘diktadura batean bizi dira’ edo ‘zentsura dago’ esatea. Esaterako, txinatar batek esaten badizu ‘nik ez daukat manifestazioak egiteko beharrik, eta ez zait inporta’, Mendebaldeko kazetari askok pentsatu eta esango dute ez duela kontzientzia politikorik edo beldurragatik esaten duela hori. Baina ez da horrela, konplexuagoa da. Nire ustez, garrantzitsua da estereotipo horiek ahaztu eta gauzak beste modu batera ulertzen saiatzea.
Zer da Txinan berriemaile izateaz gehien gustatzen zaizuna?
Herrialde handia da, eta kontraste eta kultura asko daude. Gainera, oso jende interesgarri eta desberdina ezagutu dut hemen. Batzuek oso mentalitate itxia dute, baina nire bizitza osoan topatutako pertsona irekienak ere hemen ezagutu ditut. Kontraste hori gustatzen zait. Ez naiz inoiz aspertzen. Beti iruditzen zait gauza asko daudela ikasteko.