Autobus zerbitzuak berrezartzeko sinadura bilketa egin dute Morlansen
Pandemiaren ondorioz Dbusen izandako aldaketek eragina izan dute hiriko auzo askotan. Morlansen, esaterako, oraindik ez dute 46. Morlans linea berreskuratu, eta hori lortzeko asmoz, Morlanstarrak auzo elkarteak sinadura bilketa bat abiatu du. Dbusek jakinarazi die linea defizitarioa dela, eta horregatik ezin dutela berrabiarazi, baina elkartekoen ustez hori ez da arrazoia linea kentzeko.
Joan den astetik ari dira sinadurak biltzen, eta atzo Leire plazan informazioa zabaldu eta sinadurak jasotzeko postu bat jarri zuten auzo elkartekoek. “Ondo joan zen atzoko jarduera, jendea beharra ikusten ari da, eta laster sinatzen ari da”, jakinarazi dute auzo elkartekoek. Orain arte, 300 sinadura baino gehiago jaso dituzte, eta datorren astean zehar ere zabalik izango da atxikimendua emateko aukera.