Belartza Goikoaren lehengoratze proiektua "berehala" abiatu dezala eskatu dio Haritzaldek udalari
Haritzalde elkarteak ohar batean adierazi duenez, “poz handiz” hartu du joan den osteguneko udalbatzarrean Donostiako Udalbatzak mozio bitartez onartutako eskaria: horretan, Belartza Goikoa gunean betearazpen subsidiarioari ekin, eta kaltetutako zonaren lehengoratzea gauzatzeko tramitazioa has dezan eskatu diote udal gobernuari.
“Jarrera politiko aldaketa urtebete beranduago badator ere, elkarteak udalari 2016 urtetik eskatzen daramanarekin bat dator, hain zuzen, orain ingurumen lehengoratzea jaso behar duen zonalde naturalean VUSA enpresaren isurketa ilegalaren salaketa hasi zuenetik”, adierazi du elkarteak.
Orain, udalak hartutako erabaki politikoari dagokion jarraipena ematea espero du Haritzaldek, eta betearazpen subsidiarioa “berehala” aktibatu dadin exijitu du, “udalak horretarako dituen ustekabeko gastuetarako diruen aurrekontuak erabiliz. Era berean, kaltetutako gunea berreskuratzeko lehengoratzeko proiektua “berehala eta atzerapenik gabe” agintzeko eskatu dio udalari, lekua “makroisurketa ilegalaren” aurreko egoera naturalera itzultzeko.
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia
Haritzaldek gogoratu du 2016ko udaberrian gaur egun Mercadona eta Mc Donalds dauden Belartza Goikoan 120.000 m3 harri eta hondakin pilaketa “ilegala eta lizentziarik” gabekoa egin zutela. “Bizilagun, natur talde eta talde ekologisten salaketen gainetik, Donostiako Udalak lau hektareako isurketa legeztatzeko obra baimena eman zuen”, azaldu dute. Horren aurrean, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak auzitegietara jo zuen, eta 2019ko ekainaren 26an ateratako epaiaren bidez, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion elkarteari, betelana eta udalak emandako baimena legez kontrakoak zirela ebatziz.
Epai horretan, VUSA enpresari (Valeriano Urrutikoetxea S. A.) obra ilegalaren ardura leporatzen zaio, eta Donostiako Udalari obra baimena ilegalaren ardura. Haritzalderen esanetan, udala epaiaren jakitun da ordutik, eta kritikatu du “baldintzarik gabe bete beharreko mandatu judiziala” ez zela bete, 2019an Auzitegi Nagusiak zonaren berreskuperapena gauzatzeko luzatu ezin zen bi hilabeteko epea ezarri bazuen ere.
Horrela, kaltetutako gunea berreskuratzeko lehengoratzeko proiektua “berehala eta atzerapenik gabe” abiatzeko eskatu dio Haritzaldek udalari, baita hortik sortuko diren gastuak enpresa arau hausleari egokitzea ere. Era berean, Haritzaldek gunea berriro sailkatzeko aldarrikatu du, industriagunea izatetik landa eremua izatera itzultzeko. Azkenik, Belartza Goikoaren “balio ekologiko eta naturalak direla eta”, gunea bere alboko babes urbanistikoa duen Unanue Landa Parkean barnera dadin eskatu dio udalari Haritzaldek.