Gemma Gili erdilaria fitxatu du Realak
Realak akordioa lortu du Gemma Gili erdilaria fitxatzeko, eta bera izango da Natalia Arroyoren taldera batuko den lehen jokalari berria. Levanterekin kontratua berritu ez duenez, libre iritsi da Castelloko jokalaria, eta 2020ko ekainaren 30era arte sinatu du kontratua.
Gilik esperientzia luzea du lehen mailako futbolean, Valentzian bere ibilbidea hasi ostean, Bartzelonan hazteko aukera izan baitzuen. “Esperientziarekin nire hondar alea jartzen saiatuko naiz”, adierazi du jokalariak fitxajearen aurkezpenean. Realak adierazi duenez, “jokoaren ikuspegi onagatik” nabarmentzen da, eta Sara Olaizolaren hutsunea betetzea espero dute; atzo baieztatu zuten Olaizolaren baja.
“Oso pozik nago, eta gogoa neukan klubarekin hasteko, izan ere, pandemiagatik ezin izan dut lehenago etorri”, adierazi du Castelloko jokalariak. Lanerako gogoz iritsi dela aitortu du, eta gogora ekarri du Realeko neskek Kopa irabazi zuteneko unea.: “Horrelako gauza handiak egiteko gogoarekin nator”, esan du. Donostian bizitzea ere modu positiboan hartu du Gilik: “Ez nuen asko ezagutzen Donostia, baina ederra da, eta hiriaz asko gozatzea espero dut”.