Harrotasun kritikoz bete dituzte hiriko kaleak
Donostiako Koordinadora Transmarikabollo Feministak antolatutako mobilizazioan “harrotasun kritikoa” aldarrikatu dute, LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta.
Manifestazioa egin dute gaur goizean LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta. Donostiako Koordinadora Transmarikabollo Feministak antolatutako mobilizazioan “harrotasun kritikoa” aldarrikatu dute, iaz ekainaren 28ko protestetan mahaigainertutako aldarrikapenei jarraituz. Bulebarretik abiatu da manifestazioa, eta nagusi izan dira ostadar banderak, trans kolektiboaren banderak eta bandera moreak.
Erdialdeko kaleetatik egin dute ibilaldia ehunka pertsonak, eta abiapuntuan eman dute amaitutzat protesta: Bulebarreko kioskoan. Han kolektiboaren aldarrikapenak jasotzen zituen komunikatu bat irakurri dute, eta jarraian, bertso poteoa egingo dute Parte Zaharreko aurresku tabernan.
Mobilizazioan zehar indar handia izan dute aldarrikapen antirrazista eta antikapitalistek, eta amaieran irakurri duten manifestuak ere bide hori jarraitu du. Adierazi dutenez, gaurko eguna garrantzitsua da ekainaren 7an izandako manifestazio antirrazistako hainbat aldarrikapen azpimarratzeko, besteak beste, Espainiako Atzerritarren Legearen eta Atzerritarren CIE guneak direlakoen (Atzerritarren Zentro Itxiak) desaktibatzea.
Pertsonen askatasunen aurka poliziak eta indar errepresiboek duten papera gogor salatu dute, eta euren jarrera eta existentzia jarri dituzte zalantzan komunikatuan: “Ez dago Minneapoliseko gertakarietara jo behar indar horien adierazpenik ankerrena ikusteko. Konfinamenduan, lehenago, baita orain ere poliziak torturatu eta erail egiten du”. Begirada atzera bota dute, eta gogoan izan dituzte “trantsizio garaiko patologizazioak”: “Alferren eta Gaizkileen Legea, zein arriskugarritasun soziala ez ditugu ahazten, eta ez ditugu barkatzen”, adierazi dute.
Kritikatu dute “demokrazia burgesarekin” erakundeek hartu dituzten “forma inklusiboek” ez dutela “inondik inora” desiratzen duten eraldaketa soziala sustatzen, eta horregatik, beste gauza batzuen artean, poliziaren armagabetzea eta bestelako instituzio biolentoen desboteretzea ezinbestekotzat jo dute: “Ez ahaztu, adibidez, erailketa matxista gehienak familia barruan izaten dira, eta orokorrean, gure bizitzekiko kontrol errealik ez dugula”, gaineratu dute.
Mobilizazioaren antolatzaileen ustez, COVID-19ak okertu egin du egoera, eta baieztatu dute pandemiak “kapitalismo depresorea” biziagotu egin duela: “18-34 urte arteko tarte soziologikoan gehien erabiltzen den hitza noraeza izatea ez da kasualitatea. Etorkizunak beldurra ematen du, kapitalismoak zorigaiztoko etorkizunera eramaten gaituelako”, irakurri dute.
Horren aurrean, “proiektu kontrajarri” baten beharra nabarmendu dute, kapitalari “lurraldeak berreskuratzeko”: “Desira eta orientazioaz ari garenean lotura forma heterosexual zein liberalak boikotatzeaz gainera, zerbaitez gehiago ari gara, gure plazerak kapitalari lurraldeak berreskuratzean etorriko baitira, Axel Hotel Gayfriendlya okupatzean, adibidez”.
Era berean, botere gune propioak sortzeari garrantzia handia eman diote, eta azpimarratu dute sexu afektibitate eta politikagintza disidenteetatik artikulatuta zaintza sare komunitarioak indartzeko beharra: “Bizitzak erdigunean jartzea ez dadila eslogan insustantzial bilakatu. Bizitza antolatzeko beste egitura batzuk sortu nahi ditugu: elikagai bankuak, maizterren sindikatuak, elkarlaguntza sareak, eta abar”. Amaitzeko, aldarrikatu dute ekainaren 28a “paseo koloretsu bat baino gehiago” izatearen garrantzia, eta gaineratu dute egun horri “konplexutasun politiko” gehiago eman nahi diotela.