Dagoeneko online kontsultatu daiteke hondartzen edukiera
Hondartzen edukiera Internet bitartez kontsultatzeko aukera martxan jarri dute udalak eta aldundiak. Zehazki, aldundiak Nik Hondartzak izeneko aplikazioa sortu du, Gipuzkoako hondartza guztien edukierak ikusi ahal izateko. Horren osagarri, Donostiako Udalak bere webgunean atal bat ireki du, Kontxa, Ondarreta eta Zurriolako edukiera goizeko 10:00etatik aurrera denbora errealean ikusteko aukera ematen duena.
Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak azaldu duenez, Donostiako hondartzen kasuan, lau irudi ikus daitezke: Kontxako bi, Zurriolako bat eta Ondarretako bat, hauen edukiera denbora errealean erakusten dutenak. Irudiaren azpian gainera, puntu berde, laranja edo gorria azaltzen da, semaforo bat bailitzan, edukiera edo itsasgora —azken hau Kontxan bakarrik—dela eta hondartzan sar daitekeen ala ez erakusten duena. Gainera, hurrengo bi orduetarako okupazioaren aurreikuspena ere jasotzen da irudiekin batera, eta argazkien azpian dagoen ‘gehiago ikusi’ atalean klik eginez, hondartzaren inguruko xehetasun gehiago irakur daitezke, hala nola itsasgora eta itsasbehera, edo banderak.
Udalak azpimarratu du hondartza bakoitzaren edukiera kalkulatzeko gomendatutako distantzia soziala eta hondartza bakoitzaren azalera izan dituela kontuan. Hala ere, gogorarazi du erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna dela hondartzetan ere “segurtasun-distantziari eustea, eta higiene-neurri mantendu eta kutsadurei aurrea hartzea”.