Tabakalerako gune guztiak zabalik daude
Gaurtik daude erabilgarri eta berme guztiekin Tabakalerako gune guztiak. Gainera, eraikineko bi sarrerak zabalik daude, Nestor Basterretxea eta Andre Zigarrogileak plazetakoak. Era berean, informazio gunea ohiko lekura itzuli da –eraikinaren lehen solairura–, bosgarren solairuko Prisma bisita daiteke eta Plaza eremuak zentroaren plaza publikoaren esentzia berreskuratu du.
Ekainaren 1ean ireki zituzten Tabakalerako ateak, sarrera mugatuarekin eta osasun zein segurtasun neurriekin. Zentrora sartzeko derrigorrezkoa da maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia mantendu behar da, eta gune batzuetan %6oko edukiera mantendu dute.
Edukien eskaintzari dagokionez, bisitariek Nestor Basterretxea ezagutzeko aukera Kutxa Kultur Arteguneak aurkezten duen Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketarekin. Bestalde, lehen solairuan, Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketa dago ikusgai, artearen eta zibernetikaren artean historikoki izan diren konexio moduak aztertzen dituena. Uztailaren 2tik aurrera, zentroko bitartekaritza-taldeak bisita-solasaldiak egingo ditu. Performance batek, online hitzaldiek eta erakusketaren katalogoaren aurkezpenak osatuko dute uda honetan erakusketarekin lotutako programa publikoa. Bi aretoek ordutegia bateratu dute eta asteartetik igandera bisitatu ahal izango dira, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Tabakaleran sorkuntza sustatzeko eskaintza asteazkenean jarriko da abian. Alde batetik, Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) lehen edizioa hasiko da Sortzaileen Gunean. Aukeratutako hamar artistek udako bi hilabeteetan zehar landuko dituzte beren proiektu artistikoak, eta prozesuaren amaieran Artium Museoan izango dira ikusgai guztiak. Horrez gain, 2deon, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategian, 2020ko deialdian hautatutako zortzi hautagaiak aholkularitza profesionala jasotzen hasiko dira haien proiektuak garatzeko.
Zinema proiekzioak ere mantenduko ditu Tabakalerak astero irailera bitarte, asteazkenetan eta larunbatetan, 19:00etan. Hainbat zikloren saioak izango ditu programazioak: R.W. Fassbinder, Kleber Mendonça Filho, Zinearen historiak. Santos Zunzunegui, Zinearen historia etengabea, Eskolatik eta Zinema eta zientzia. Berrikuntza gisa, Joanna Hogg zinemagile britainiarraren atzera begirako osoa ikusteko aukera emango dute.
Haur eta familientzat
Udako txokoek eta Kameleoiak Gara! programak osatuko dute familiei zuzendutako eskaintza, arte-lantegiekin eta arte eszenikoekin lotutako jarduerekin batera. Ubik sorkuntza liburutegiak ohiko ordutegian jarraituko du zabalik: 10:00etatik 20:00etara, asteartetik larunbatera, eta 10:00etatik 14:00etara, igande eta jaiegunetan.
Guneak ohiko zerbitzu gehienak mantentzen ditu, eta liburutegiko programak aurrez aurreko jarduerak eta online edukiak uztartuko ditu udan. 2020ko udako programazioa uztailaren 7an jarriko da martxan, gazte nahiz helduentzako Udako lantegiekin: fanzineei, ikus-entzunezkoei, kaleko arteari, 3D modelazioari, performanceari, musika elektronikoari edo cut out-ari buruzko lantegiak izango dira, besteak beste. Online izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da.
Tabakalerak eduki digitalen eskaintza mantendu eta indartuko du, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak, kontzertuak eta tutorialak programatuz, kultura garaikideaz, arteaz, zineaz, sorkuntzaz eta esperimentazioaz hausnartzen eta gozatzen jarraitzeko. Online programazioa konfinamenduarekin iritsi zen eta aurrera jarraituko du bidea eginez.
Kutxa Kultur Gauak Tabakalerako udako gauak girotuko ditu beste urte batez, musika, dantza, antzerkia eta hainbat arte eszeniko eta tokiko proposamenekin, laugarren solairuko Zabaltza gune irekian, ostegunetik igandera, 20:30etik aurrera.