Uztailaren 1ean irekiko dute Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntzan izena emateko epea
Donostiako Poltsiko Sorkuntzaren hamaikagarren deialdia abian da, eta uztailaren 1etik irailaren 24ra arte egongo da zabalik proiektuen izen-emate epea. 2021eko otsailean eta martxoan egingo dute Poltsiko Antzerkiaren jaialdia, eta Poltsiko Sorkuntzan hautatutako bi antzezlanek lau emanaldi egingo dituzte jaialdian, hiriko hainbat tabernatan. Horretaz gain, bi diru-laguntza emango dituzte: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu eta finalistak 3.200 euro.
2011n sortu zuen Donostia Kulturak Poltsiko Antzerkiaren jaialdia, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean. Ordutik, jaialdiak euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzea eta kultur balio katearen ibilbide guztia (trebakuntza, sorkuntza, ekoizpena, hedapena eta ikustaldia) jorratzea izan du helburu.