Errondoko mendi-magala egonkortzeko lanak uztailaren 1ean hasiko dira
Donostiako Udalak Errondoko igoerako mendi-magala egonkortzeari ekingo dio asteazkenean, uztailaren 1ean, eta lanek bi hilabete iraungo dute. Lanen konplexutasuna nabarmendu du Marisol Garmendiak, Hiri Proiektuetako zinegotziak: “Azkenean, atal luze bat itxi da, mendi hegal ezegonkor batean obrak oso konplexuak direlako; gainera, Euskotrenen trenbide sarea behealdean dagoenez, kontu handiz lan egin behar da”. Hain zuzen, euri ura gidatzeko beharrezkoak diren drainatzaileak eta kanalak jarriko dituzte, baita mendi magala eusteko mikropilotezko pantaila bat ere, “mendi magala saneatu eta lur-jausiak eragotziko dituen sare baten bidez babesteko”.
Errondoko mendi hegal hori egonkortzeko proiektua 2018ko apiriletik dator, luizi handi bat gertatu baitzen orduan. Geroztik, arazoak izan dira zona horretan, eta iazko abuztuan onartu zuten egonkortze lanak burutzeko proiektuaren kontratazio espedientea, 251.159 euroko aurrekontuarekin.
Egonkortze lanek irauten duten bitartean, errepidean dagoen behin-behineko semaforoa mantenduko dute, ibilgailuei bide alternatiboa ematen jarraitzeko. Era berean, udalak azaldu du Dbusekin elkarlanean dabiltzala, inguruko bizilagunei garraio publikoaren zerbitzua bermatu ahal izateko, San Juan de Dios bideko bizilagunak barne; 32, 23 eta B9 dira inguruko horretan ibiltzen diren lineak.