Metroko obrak gelditzeko eskaera egin dio Satorralaiak Itsasertzeetako zerbitzuen Gipuzkoako ordezkaritzari
Satorralaia bizilagun mugimenduak iragarri du Kontxa azpian egiten ari diren metroko obrak gelditzeko eskaera luzatu diola Espainiako Itsasertzeetako zerbitzuen Gipuzkoako ordezkaritzari. Bidalitako dokumentuan, ekainaren 5ean ur filtrazioen ondorioz Zubieta kalean gertatutako ezbeharrak aintzat hartu dituzte, honen argazkiak, Satorralaiak esan duenez, Itsasertzeetako zerbitzuak “ezinbestean egin behar du obraren kontrola”, gertatutako ezbeharrak “proiektuaren gabeziak” agerian utzi baititu. Izan ere, Espainiako Kosten eta Itsasoaren Jasangarritasunerako Zuzendaritza Orokorrak emandako kosten baimenean jasotzen denez, Gipuzkoako ordezkaritzak metroaren obrak “baimenean jaso bezala” gauzatzen ari diren “kontrolatzeko” aukera du. Baimen horretan ere aipatzen da “obren ondorioz lur edo itsas eremu publikoan kalteak sortuko balira, Eusko Jaurlaritzak, Ministerioak onetsita, lanen eragina gutxitzeko beharrezkoak liratekeen proiektuak idatzi eta gauzatu beharko” dituela. Gainera, jasotzen da baimenean aipatutako “baldintza anbientalak, erabilera baldintzak edo baimendutako bolumenak” betetzen ez badira, “egoztea” justifikatu zuten “helburuak” betetzen ez direla ulertzen dela, eta ondorioz ondasun publikoak Espainiako Estatura itzuliko direla.
Itsasertzeetako zerbitzuen Gipuzkoako zuzendaritzari bidaltzeaz gain, Satorralaiatik iragarri dute Espainiako Kosten eta Itsasoaren Jasangarritasunerako Zuzendaritza Orokorrera ere bidaliko dutela dokumentua, aipatutako kosten baimena “bertan behera utzi dezaten”.