Rosi Zarra oroitu dute, haren heriotzaren 25. urteurrenean
Gaur 25 urte betetzen dira Rosi Zarra hil zenetik, eta atzo omenaldia egin zioten Amara Berriko Olaeta plazan. Sortu Donostiak antolatua, familiak ere parte hartu zuen egitasmoan. Besteak beste, haren omenez plaka bat jarri zuten, justizia, egia, erreparazioa hitzak jasotzen zituena, eta bertaratuek Zarraren argazkiaren aurrean krabelinak utzi zituzten. Izan ere, 1995eko ekainaren 22an plaza horren inguruan, zehazki, Anoeta estadio parean dagoen etxebizitza dorrearen arkupeetan, Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen donostiarrak, larriki zauritu zuena. Zortzi egun beranduago zendu zen. Familiak salaketa jarri ondoren, Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi zuen. Auzitegiko medikuen arabera, arrazoi naturalengatik hil zen, baina Zarraren nefrologoak pilotakadak sortutako infezioarengatik izan zela ondorioztatu zuen. Epaileak bertsio ofizialari eutsi zion, eta auzia artxibatu zuen.