36ko gerran Altzan gertatutakoa azaltzeko liburu bat argitaratu dute
Altzako Historia Mintegiak bultzatuta, Altza durante la guerra civil española liburua argitaratu du Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak, eta asteartean egin zuten aurkezpena, Tomasene Kultur Etxean. Liburuak 36ko gerran Altzan gertatutakoa ikuspegi historiko batetik azaltzen du, Espainiako Bigarren Errepublikatik hasita, gerra bukatu eta frankismoa hasi arte. Liburuaren ale gutxi batzuk inprimatu dituzte, eta Altzako Historia Mintegiarekin harremanetan jarrita eskuratu daitezke, hamar eurotan. Hala ere, mintegiaren webgunean formatu digitalean ere eskuragarri dago, doan.
Iñigo Landa Altzako Historia Mintegiko kideak eta Urrestarazuk berak nabarmendu zuten Altzan “hutsune bat” dagoela 36ko gerran gertatutakoaren inguruan eta memoria historikoari dagokionez. Hain zuzen, Donostiako Udalak bere garaian hiriko memoria historikoaren mapa egin zuen, puntu bakoitzean zer gertatu zen azalduz. Altzan, ordea, Bidebietako tiro zelaia kenduta, ezer gutxi azaltzen da, “ezer gertatu izan ez balitz bezala”, esan zuen Landak aurkezpenean. Urrestarazuk azpimarratu zuen erakundeei Altzako historia “ahaztu” egin zaiela, eta adierazi zuen auzoak historian zehar izan dituen estatus desberdinen ondorioz izan daitekeela hori. Horregatik, hutsune hori betetzera dator liburua, informazio eta argazki ugarirekin.
Gerra zibilek gizarteak hausten dituztela azaldu zuen Landak, eta, Altzaren kasuan, are haustura handiagoa izan zela nabarmendu zuen, gerraren ondoren “identitatea galdu zuelako”. Izan ere, 1931n Altzak lehen aldiz demokratikoki aukeratutako udalbatza bat izan ondoren, gerra amaitzean udalbatza horrek Altza Donostiari eman zion, erregimen frankistak inposatuta. Gertaera hori ere sakon jorratu du Urrestarazuk liburuan, eta aurkezpenean nabarmendu zuen anexioa “azkar eta gaizki” egin zela.
Horretaz gain, garaiko prentsa ugari, artxiboak, txostenak, bestelako dokumentuak eta Altzako Historia Mintegiak azken urteotan bildutako testigantzak erabili ditu autoreak liburua gauzatzeko, eta aurkezpenean esandakoaren arabera, testigantzei esker dokumentuetan ez zeuden gertaera eta izen batzuk gehitu ahal izan ditu liburuan. Era berean, Mirakruz kaleko ‘checa’-ri buruz sakon hitz egiten duen lehenengo liburua da Urrestarazurena.
Bestalde, errepresioa jasan zuten Altzako bizilagunen inguruan asko hitz egin du autoreak liburuan, eta hildako eta erreprimitutako bizilagunen izen-abizenen zerrendak gehitu ditu liburuan, gerra Altzan nolakoa izan zen azaltzen duen kronologia batekin batera.