Aitziber Garmendiaren 'Txanogorritxotik otso emera' obra uztailaren 8tik 12ra izango da ikusgai

Viktoria Eugenia antzokian izango da ikusgai Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) antzezlana, uztailaren 8tik 12ra. Aitziber Garmendia izango da obraren protagonista, eta beste hainbat artistek ere parte hartu dute lanaren sorkuntzan: esaterako, Marta Gonzalez de Vega gidoilariak idatzi du antzezlana, eta Fernando Bernuesek zuzendu du. De Caperucita a loba en solo seis tíos da jatorrizko antzezlanaren izenburua, eta Kepa Errastik euskaratu du.
Uztailaren 8tik 12ra egunero izango da ikusgai antzezlana, 20:00etan, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Viktoria Eugeniaren webgunean. Sarreren salneurriak lekuaren araberakoak izango dira, eta 9, 10, 13.50, 15, 18 eta 20 euroan erosi daitezke.
Honela deskribatu dute antolatzaileek antzezlanaren argumentua: “Ikuskizun hau harremanen munduaren azterketa sakon baten ondorio da, saioa-belarrondokoa metodo ezagunean oinarritutako azterketa. Maitasun-kontuen patetismoa barrearen bidez gainditzeko eskuliburu peto-petoa. Beraz, sexu guztientzako moduko ikuskizuna! Izan ere, maitasunean denok gara patetikoak… Eta hartaz gozatzeko modu bakarra honako maxima hau da: Azkena barre egiten duenak… alfer-alferrik galdu du denbora”.