Arrantzaren galerari balazta
Kofradia - Itsas Etxea proiektua martxan da Portaaviones Donostiako kaiko eraikinean, eta Martxel Arozena proiektuaren koordinatzailearekin izan gara eraikinaren birmoldaketaren arrazoiak jakiteko.

Portaaviones izenez ezaguna, 1943tik Donostiako arrantzaleentzat hamaika futzio bete dituen espazioa izan da kaian birmodelatu berri duten eraikina. 1988an berregituraketa lanak egin zituzten, eta ordutik gehienbat biltegi moduan erabili dute Donostiako arrantzaleek. Arrazoi ezberdinak direla eta, 2017aren amaieran birmoldaketa prozesuarekin hasi ziren, eta gaur egun erabilera bikoitza du. Euskadiko Kirol Portuak daramatzan zerbitzuen ekipamendua gordetzeaz gain, Euskadiko Baxurako Arrantzaren Balorazio Zentroa ere izango da.
Nahiz eta proiektua OPEGIk (Gipuzkoako Baxuko Arrantza Produktoreen Erakundea) bultzatu duen, Eusko Autonomia Erkidego mailako proiektua dela baieztatu digu Martxel Arozenak, Itxas Etxearen koordinatzaileak.
Arrantzaren beheranzko joera
Proiektu honen helburu nagusia EAEn arrantzak bizi duen egoera garratzari buelta ematea dela adierazi du Martxel Arozenak: “Azken hamarkadetan arrantzaren sektorea gizartetik urrundu da. Gazteek ez dute sektore honetan lan egin nahi, eta arrainaren kontsumoa jaitsi egin da”, azpimarratu du Arozenak.
Bizitza estiloaren aldaketak arraina kontsumitzeko modua aldatu du; Euskal Herrian arrainaren kontsumoak behera egin du, eta urruneko eta denboraldiz kanpoko arraina geroz eta ugariagoa da gure supermerkatuetan, merkeagoa baita. Honek zuzen eragin du Euskal Herriko arrantzaren sektorean, eta Donostiako kaiak garbi islatzen du egoera hori, lehen baxurako eta alturako arrantza baitzegoen, eta gaur egun baxurako hiru ontzi bakarrik geratzen baitira. Horrez gain, EAEn sei arrain lonja geratzen dira bakarrik, hiru Gipuzkoan eta hiru Bizkaian.
Dibulgazioa ardatz
Egoera larri honen aurrean, Donostiako Itsas Etxe berriak dibulgazioa hartu du helburuak lortzeko lerro estrategiko nagusi gisa. Bertako, baxurako eta denboraldiko arrainaren kontsumoa sustatu nahi dute sektoreak pixkanaka gora egin dezan, eta sektorearekiko informazioaren zabalpena giltzarri dela uste dute. Informazioa zabaltzeko bide asko ireki dituzte: “Itsas Etxean bertan edo webgunean informazio asko dago, eta jarduera ezberdinak antolatzen ari gara, bisita gidatuak, sukaldaritza tailerrak, itsasontzien bisitak… Aquarium eta Itsas Museoarekin ere elkarlanean gaude umeekin ibilaldiak egiteko”, dio Martxel Arozenak.
Donostiaren eraldaketaren eragina
Donostia azken urteetan pairatzen ari den eraldaketak ere baxurako arrantzaren beherakadan eragina izan duela adierazi du Martxel Arozenak. Haren ustez, Donostiaren eraldaketak eta turistifikazioak Donostiako Kaia laket-ontzientzat bideratzea eragin du, arrantzaren kaltetan: “Helburua kontuan izanda, proiektua bertako pertsonentzat bideratuta dago. Gure sektorean bertako jendeak egingo du lan, eta arraindegietan bertako jendeak erosiko du baxuko arrantza. Noski Donostiak turistekiko duen erakargarritasuna aprobetxatuko dugula, baina gure helburuak zeintzuk diren ahaztu gabe”, dio Arozenak.
Sustapen honetan hezkuntzak garrantzia handia duela uste du Martxel Arozenak, sektorea “asko modernizatu” delako, eta iraganean arrantzarekiko zeuden aurreiritziak gainditu behar direla uste du: “Lehen esaten zen ikasteko balio ez zuena arrantzan sartzen zela, baina gauzak asko aldatu dira. Teknologien garapenek asko modernizatu dute sektorea”, dio. Hau dela eta, Itsas Etxea Pasaiako Itsas Arrantzako Eskolarekin dago elkarlanean, arrantzaren inguruko ikasketak sustatzeko.
Eraikin birmoldatuak zaharraren egitura gordetzen du, baina guztiz itxura eraberritua du. Barra eta jantoki moderno batek estilo industrialeko dekorazio bati edukia ematen dio. Sarreran Bizkaiko Golkoan arrantzatutako eta EAEn prozesatutako produktuak erosteko denda bat dago, eta jarraian barra luze bat eta jantokia. Egitura berdina baina itxura eta funtzio ezberdina, hori da 2017tik honako aldaketa nagusia Donostiaren karikatura izan daitekeen Itsas Etxean.