Egiako kebabean identifikatuetako batek positibo eman duela jakinarazi du udalak

Pasa den igandean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak Egiako kebab bat “prebentzioz” ixteko eskatu zion Donostiako Udalari. Orio eta Aiako COVID-19aren kasuen inguruan Osakidetza egiten ari den harremanen ikerketarekin ustez lotura izan dezake. Udaltzaingoak hiru pertsona identifikatu zituen Mandasko Dukea pasealekuan dagoen establezimenduan, eta horietako batek PCR proban positibo eman duela baieztatu zuen atzo Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak.
Udalak gertaturikoaren inguruko oharra plazaratu du. “Hasiera batean, eta negozioko langile guztiei PCR probak egin ondoren, bi langile positiboak suertatu ziren. Arduradunari jardueraren inguruan galdetuta, itxita zegoela esan zuen. Hala ere, osasun agintariek negozioak funtzionatzen jarraitzen zuela egiaztatu zuten, eta horregatik eskatu zuten badaezpadako itxiera”. Prebentzio itxiera igandean egin zuten udaltzainek 20:49ean. Udaltzaingoaren esku hartze txostenaren arabera, igandean hiru pertsona identifikatu zituzten lokalaren barruan lanean ari zirela, “itxuraz ohiko plantillakoak ez zirenak”. Hirurak PCR proba egitera bideratu zituzten, eta, esan bezala, atzo baieztatu zuten horietako batek positibo eman zuela.
“Herritarren osasunean eragin larria izateko zantzu sendoak daudela ikusita, Donostiako Udalak, establezimendua ixteaz gain, kebab barruko edozein jarduera bertan behera uzteko agindu du, eta Udaltzaingoak hura zigilatu du, benetan kontrolatzeko. Kautelazko neurri gogor horiek udaleko osasun agintaritzak berretsi ditu, eta indarrean jarraituko dute harik eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak udalari jakinarazten dion arte ukitutako pertsonen PCR proben negatibotasuna”, azaldu dute.
Horrekin batera, udalak establezimenduaren arduraduna ondorengoak egitera behartuko du: “instalazioak, sukaldeko eta barrako altzariak eta gainerako lanabes eta lanabesak enpresa espezializatu baten bidez garbitu eta desinfektatzea”. Desinfekzio horren egokitasuna Udaleko Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko duela gaineratu dute.