Ibai Marin musikari donostiarrak bere bigarren diskoa argitaratzeko 'crowfunding'-a abiatu du

COVID-19arengatik azken hilabeteotan ezin izan duenez kontzerturik eman, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatzea erabaki du Ibai Marin musikari donostiarrak, bere bakarkako bigarren diskoa argitaratzeko. Verkami plataformaren bitartez abiatu du kanpaina, eta 40 egun ditu diskoaren grabazioa eta sustapena finantzatzeko behar dituen 4.200 euroak lortzeko. Proiektua diruz babesteko hainbat aukera daude, egiten den ekarpenaren arabera diskoa, materiala eta bestelako opariak jasoz.
Disko horretan joango diren abestiak konposatuta ditu dagoeneko Marinek, eta horietako bat da martxoan kaleratu zuen Viernes Lobo kanta; 2019an grabatu zuen Elkar estudioetan, eta Axular Arizmendik nahastu zuen AME estudioetan. Bideoklipa ere Elkar estudioetan grabatu zuten, eta TAOM-ek zuzendu eta ekoiztu zuen.
Marinek ibilide luzea egin zuen Hira taldearekin, bost disko argitaratuta: Nortasuna (2001, IZ Rock), Oztopoak gaindituz (2003, EDG Music), (SIC) (2006, EDG Music), Delay (2011, Maldito Records) eta V HIRA (2015, Elkar). Bestalde, 2018an bere bakarkako lehenengo lana plazaratu zuen: Bidean naiz. Ordutik, askotariko agertokitan eskaini ditu kontzertuak, hala nola, Kutxa Kultur Kluba aretoan, Donostiako Musikaren Egunean eta Bilboko BBK aretoan.